Iurre BIDEGAIN

2016 urtea

Larriki gaixorik dauden euskal presoak, Euskal Herriko bake prozesua eta atxilotuen askatasunari buruzko albisteak irakurrienak izan dira KAZETAn 2016. urtean. Kartzelatik zuzenean Ibon Fernandez Iradik eskaini duen elkarrizketa arrakastatsuena izan da aurten.

Urteko albisterik irakurriena Ibon Fernandez Iradik eskaini zuen elkarrizketa da.
Urteko albisterik irakurriena Ibon Fernandez Iradik eskaini zuen elkarrizketa da.

Zeintzuk dira 2016. urtean irakurrienak izan diren albisteak KAZETAn? Zalantzarik gabe euskal presoak eta bake prozesuari buruzko gaiak arrakastatsuenak izan dira. Esklerosiz anizkoitza pairatzen duen Ibon Fernandez Iradik maiatzean kartzelatik eskaini zuen elkarrizketa irakurriena izan da iragan hamabi hilabeteetan. Bost artikulu irakurrienak honakoak dira:

1. Ibon Fernandez Iradi: "Zigorra gelditzea ukatuz, guztiz elbarritua izatera kondenatu nahi naute"

Lorentxa Guimoni baldintzapeko askatasuna eskaini ondoren, euskal presoak justizia frantsesean aldaketarik eragingo zuen edo ez azaldu zuen. Hilabete batzuk beranduago epaileek bere kasuarekiko jarrera aldatu ez dutela frogatu dute. Hain zuzen, Kasazio Gorteak eskatuta, Pariseko Zigorren Aplikazio Ganbarak esklerosiz anizkoitza pairatzen duen presoaren kasua berriz aztertu du. Epaileek zigorra etetea ezeztatu diote abenduaren 15ean.

2. Xabier Arin: "Nire etxeko ateak ireki ditut, ni ere aterpetu nindutelako"

Xabier eta Denis Arin Mikel Irastorzarekin batera atxilotu zituzten azaroaren 4ean Azkainen. Lau egun beranduago, epailearen aitzinetik pasa ondoren bikotea aske utzi zuen epaileak. Irastorza, ordea, Fleury-Merongiseko kartzelara bidali zuen. Xabier Arinek Gara egunkariari eskaini zion elkarrizketan Irastorza aterpetu zuela baieztatu zuen. Bera ere errefuxiatua izanki, ate asko ireki dizkiotela nabarmendu zuen.

3. Frédérique Espagnac: "Presoak hurbiltzen entseatzen garenean Estatu espainiarra segidan mugitzen da"

Urte hasieran, senatari sozialistak 2015ean Ipar Euskal Herrian iragan ziren gertakariei buruzko irakurketa eskaini zuen. Ortzaizeko eta Baigorriko operazioei buruzkoa, hain zuzen. Garaian gertakizun horiek bake prozesua oztopatu zutela deitoratu zuten hainbat elkarte eta eragilek. Euskal presoen egoerari dagokionez, ez dela soilik Estatu frantsesaren ardura nabarmendu zuen Espagnacek.

4. Polizia operazioa burutu dute Luhuson

Zalantzarik gabe urte bukaera, baita zentzu anitzetan aldaketa bat irudikatu duen albistea da ere. Béatrice Molle-Haran, Michel Berhocoirigoin, Txetx Etxeberri, Michel Bergougnan eta Stéphane Etchegaray "Etxe" atxilotu zituzten abenduaren 16an Luhuson. Michel Tubiana, Michel Berhocoirigoin eta Txetx Etxeberrik izenpetu agirian ETAren armategiaren zati bat desegiteko hartu zuten engaiamendua azaldu zuten. Epailearen aitzinetik pasa ondoren, kontrol judizial pean bostak aske utzi zituen epaileak.

5. David Gramont eta Juantxo Esnal aske gelditu dira

Kondena osorik bete ondoren, Gramont eta Esnal aske gelditu ziren martxoaren 14ean. Basusarriko herritarra Puerto IIIko presondegian bete du bere zigorra eta Esnalek Valentziako Picassentekoan. 1998an Andaluzia deituriko komandoaren kontrako operazioan atxilo zituzten.