Kazeta

Laborantza iraunkorra eta herrikoia sustatu nahi du Uztaritzek

Uztaritzeko herri elkargoak hamalau hektarea ezarri nahi ditu laborantza iraunkorra eta herrikoiaren esku. Laborariei zuzendu deialdi bat martxan jarri du.

Interesatuek izena eman dezakete abenduren 31a arte. Argazkia Jon Urbe.
Interesatuek izena eman dezakete abenduren 31a arte. Argazkia Jon Urbe.

Laborantza iraunkorra eta herrikoia sustatzeko xedez, deialdi bat antolatu du Uztaritzeko herri elkargoak. Arrauntz auzoan kokatzen diren hamalau hektarea laborarien esku utzi nahi ditu. Hektarea bakoitzak ehun bat euroko kostua izango du, urte bakoitzeko. Interesatuek izena eman dezakete abenduren 31a arte.

Aitzineko agintaldiak lur horiek eraikigarriak bilakatu zituen. Hain zuzen, bertan 150 etxebizitza eraikitzeko egitasmoa aurkeztu zuen. Bruno Carrere gaur egungo auzapezaren taldea aurka zegoen. Orain, lur horiek berriz ere laborantzarentzat zuzentzea erabaki du.

Herri elkargoak "laborantza garbiari" lehentasuna eman nahi dio. Zirkuitu motza lehenetsi nahi du. Egitasmoaren egingarritasuna segurtatzeko Euskal Herriko Laborantza Ganbarari dei egin dio. "Proiektuak filosofia berean aztertuko ditugu. Hots, baratzezaintza, arbolazaintza, erlezaintza..." azaldu du erakundeak.

Interesatuak diren laborariek izena eman dezakete hemen.