Idoia ERASO

"Telesforo ez da Bogart", hiru hari segitzen dituen antzezlan umoretsua

Xabier Mendiguren antzezlan saritua taularatuko du Iduzkilorek. "Casablanca" filmean oinarritu ikusgarria estreinatuko du abenduaren 17an Senpereko Larreko gelan.

Estreinaldia aurten izanen bada ere, hurrengo emanaldiak datorren urtean zehar iraganen dira. ©Isabelle Miquelestorena
Estreinaldia aurten izanen bada ere, hurrengo emanaldiak datorren urtean zehar iraganen dira. ©Isabelle Miquelestorena

Fantasia eta errealitatea, zinema eta historia, iragana eta oraina elkartzen ditu “Telesforo ez da Bogart” obrak. Antzezlanaren sorreran ere denborak izan du bere ibilbidea, hamahiru urte egin behar izan baitu tiradera baten barnean, herri antzerkia egiten duen Iduzkilore talde lapurtarraren eskuetara heldu arte. «Gure taldean antzezteko obra baten bila aspaldi genbiltzan, eta Xabier Mendigureni eskatu genionean, 2003an berak idatzitako obra saritu hau proposatu zigun», azaldu zuen Lierni Elorza aktoreak, Garako artikuluak azaldu duenez.

“Casablanca” filma oinarri hartuta, «komedia klabean proposamen fantasiosoa» egin dutela baieztatu zuen Inazio Tolosak. Obrako pertsonaiak diren aktoreen arteko tirabirek antzerki munduaren atzealdea erakusten dute umorez jantzita. Artistei begira «publikoak irri eginen» duela uste duela gaineratu zuen zuzendariak.

Humphrey Bogart eta Ingrid Bergman protagonista dituen film mitikoa izenburuan bezala istorioan ere oinarri baldin bada ere, hortik harago doa antzezlana. «Publikoak jakin behar du hiru hari ezberdin elkartzen direla. Alde batetik, antzezle talde bat bada, ezadostasunak dituena egingo duten hurrengo obrari buruz; bestetik, “Casablanca” filma; eta, azkenik, Telesforo Monzon, eta Marokoraino eraman zuen ‘Alsina’ itsasontziaren historia», azaldu zuen Maider Beheran aktoreak. Gakoa “Euskal Casablanca” bat osatzea.

Bost aktorerentzat idatzitako obra hamarrentzat moldatua izan da. Egokitzapena, obra bezala, parte hartzailea izan dela azaldu zuen zuzendariak. Prozesuan beste hainbat aldaketa ere egin dira, hizkuntzarena esaterako, antzezleentzat naturala izateko lapurterara moldatu dute. «Obra nahiko errealista da, protagonistak aktoreak diren zentzuan, horregatik euskara sinesgarria izatea beharrezkoa da», erran zuen Ainhoa Elizondo aktoreak.

Musikaria ere baden Elizondoren bitartez elementu berri bat ere eman diote antzerkiari, musika. Eskusoinuarekin batera, pianoak, «Sam pianistaren tresna», doinuak hizkuntza eta mintzagai bilakatzen ditu. «Lanak berak musika eskatzen zigun, horregatik sartu dugu», baieztatu zuen Beheranek.

Pianoarekin batera taula gaina antzerki talde batek entsegu-toki batean izan ditzakeen gauzez beteta dago, eta ikusleak mundu ezberdinetara eramateko tresna gisa baliatuak dira eskailerak, aulkiak, kutxak...

Iduzkilore antzerki taldea

2010ean sortu zen Iduzkilore taldea, taldearen izena zuen antzezlana egiteko, non 1609an Lapurdin sorginkeriari lotuta iragan ziren gertakariak kontatzen ziren. Arrakasta bilduta eta antzerkiaren plazerak eramanda, Telesforo Monzonek idatzitako “Hazparneko anderea” egin zuten 2014-2015ean, Ander Lipusen zuzendaritzapean. Hirugarren lanerako aurreko antzezlanaren idazlea protagonista bilakatzen duen obra hautatu dute.

Estreinaldia aurten izanen bada ere, hurrengo emanaldiak datorren urtean zehar iraganen dira. Uztaritzen urtarrilaren 14an eta Biarritzen martxoaren 26an izanen badira, bien bitartean Donibane Lohizune, Urruña, Izturitze, Bergara eta Seguran zehar ibiliko da. Baina tartean beste data batzuk gehituko direla aurreikus daiteke, aurreko antzezlanarekin 23 emanaldi egin baitzituzten.

Iduzkilorek sei urteko ibilbidean egin dituen hiru proiektuak ezberdinak izan direla nabarmendu zuen Bernadette Luro Iratzoki aktoreak: «Lehena naturala izan zen, bigarrena handia, bururaino joaten den antzezlana, eta hirugarrenarekin beste lan egiteko modu bat deskubritu dugu, zuzendaritzaren bitartez, esaterako». Urteetako lan honen ondoren «talde sendoa» osatzen dutela gaineratu zuen Beheranek.