Kazeta

Festibalaren benetako afixa plazaratu du EHZk

Euskal Herria Zuzenean elkarteak festibalaren benetako afixa plazaratu du bideo baten bidez. Elkarteak komunikazio estrategia berri bati eutsi dio aurten, festibalarengan konfiantza izan behar dela agerian uzteko.

Euskal Herria Zuzenean elkarteak heldu den urteko festibalaren ildoak aurkeztu zituen abenduaren 8an. Festibalari ekonomikoki laguntza eskaintzeko antolatu crowfunding kanpaina azaltzeaz gain, afixa ere plazaratu zuen. Baina ez benetakoa. "Bon bon, bukatu da txistea!" lemapean argitaratu bideo baten bidez benetako afixa plazaratu du.

Elkarteak aurten komunikazio estrategia berri bati eutsi dio. "Gure helburua sinplea da. Afixaren bidez erreakzioak sortarazi nahi izan ditugu. Eta lortu dugu", azaldu du Ieltxu Ostolaza EHZko kideak. Asteburuan lehen afixari buruzko komentario anitz jaso dituela aipatu du.

"Benetako afixa ederraren bidez erakutsi nahi izan dugu konfiantza izan behar dela EHZrengan. Diru zorrak dituen arren, kalitatezko festibala antolatuko dugu", erantsi du kideak. Ekainaren 30tik uztailaren 2ra iraganen den festibalaren afixa Iñaki González "Fortun" marrazkilariak egin du. Iazkoa berak ere sortu zuen.

Oroitarazi behar da EHZk duen zorra ekonomikoari aurre egiteko crowfunding kanpaina abiatu duela. Abenduaren 8az geroztik 2.770 euro lortu ditu.