Kazeta

Lucio Urtubia militante anarkista Kanboko Gaztetxean

Lucio Urtubiak Kanboko Gaztetxea bisitatuko du abenduaren 10ean Lorentxa Beyrieren aldeko gaualdiaren karietara. Militante anarkistari buruzko filma eskainiko dute.

 

Lucio Urtubia Fresneseko kartzelara hurbildu zen gose greban zeuden euskal presoen sostenguz.
Lucio Urtubia Fresneseko kartzelara hurbildu zen gose greban zeuden euskal presoen sostenguz.

Lorentxa Beyrie euskal presoaren sostengu taldeak gaualdi berezi bat antolatuko du abenduaren 10ean Kanbon. Bada hamabost urte kabotarra preso dagoela. Bere aldeko ekimenean Lucio Urtubiaren bizia aipagai izanen dute Ekaitza Gaztetxean.

Lucio Urtubia militante anarkista ezaguna da. 70. hamarkadan hogei milioi dolar baino gehiago lortu zituen Citybank bankuko txekeak faltsutuz. Nafarrak lortutako dirua hamaika borroka iraultzaileetara bideratu zuen. Hala nola Latinoamerikako eta Europako mugimendu iraultzaileetara. Azkenean, Urtubia atxilotu zuten eta sei hilabetez preso egon zen.

Geroztik, euskal presoen alde ere anitz engaiatu da. Oroitarazi behar da aurtengo maiatzean Itziar Morenoren isolamendua salatzeko, besteak beste, Fresnesko euskal presoak gose greban egon zirela. Lucio Etxeberria presondegira hurbildu zen elkartasuna adierazteko eta egoeraren salaketarekin bat egiteko.

Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregik bere bizia dokumental batean islatu zuten 2007an: "Lucio". Hain zuzen, Lorentxa Beyrieren aldeko ekimenean filma eskainiko dute 18.00etan. Ondotik, Lucio Urtubia berarekin solasaldi bat iraganen da. Ekimena 20.00etan bukatuko da aperitifa alaitu batekin.