Iurre BIDEGAIN
Elkarrizketa
Aiora RENTERIA
Zea Mays taldeko kantaria

"Kantuak ezberdinak dira, amankomunean dutena da gu geu garela"

Heldu den urtean hogei urte beteko ditu Zea Mays taldeak. Urtebetetzea ospatzen hasi da "Harro" disko berria argitaratuz. Gustu guziak asetu eta egoera guziei egokitzen diren hamabost kantuk osatzen dute lan berria. Abenduaren 10ean talde bizkaitarrak Baionako Zizpa Gaztetxean joko du. Aiora Renteria kantariak zertaz harro sentitzen den aitortzeaz gain, Ipar Euskal Herrian beren musikarekiko zaletasuna nolakoa den azaldu du.

Aiora Renteria, Zea Mays taldeko kantaria. ©Gorka RUBIO
Aiora Renteria, Zea Mays taldeko kantaria. ©Gorka RUBIO

Zertaz harro sentitzen da Zea Mays taldea?

Hogei urtez gu lauak batera egotea eta jarraitzeaz. Zortzi disko ateratzeaz, zortzigarrena hamabost abestiekin gainera. Gustura jarraitzen dugu, sekulako ekipoa dugu eta horiek guztiek harro sentiarazten gaituzte.

Zerbaitetaz ez dago harro?

Ez, ez dut uste. Ez ditugu beti gauzak ondo egin, baina ez harro ez egoteko moduan. Harro gaude egin dugun guztiaz. Gauza batzuk hobeto egonen dira, beste batzuk txarrago, baina printzipioz harro.

"Harro" hitzak taldea nola sentitzen den adierazten du. Zu zeuk diskoa bera hitz batekin nola definituko zenuke?

Nik uste dut disko fresko bat dela. Azken batean, gauza ezberdinekin betea dagoen diskoa da. Sintetizadoreak daude milaka gauza egiteko. Abestiak entzun daitezke lasai egoteko. Beste batzuk negar egiteko, barre egiteko edo salto egiteko. Denetarik dago. Disko freskoa dela esango nuke, baita osoa ere.

"Zu", "Sutan", "Enbata"… kantu guziak musikalki oso ezberdinak dira.

Bai, denetarik dago eta azkenean amankomunean dutena da gu geu garela. Azkenean, abestiak euren aldetik ezberdinak dira, baina Dave M. Allenek egindako lanak osotasun bat eman dio diskoari. Kantu guztiek ildo bat dute.

Zure ustez zer izan behar du abesti batek Zea Maysen parte izateko?

Lokalean egiten gaudenean, ileak tente ipintzen badizkigu eta irribarre bat ipintzen badigu ahoan, kantuak aurrera jarraitzen du. Bestela ez.

Sentimendu bat piztu behar die taldekideei?

Bai, hori da. Zeozer sortaraztea. Emozionatzea eta zerbait izatea. Lokalean jotzen ari garenean lauak ikusten badugu besoko ileak gorantza joaten direla, abesti horrek aurrera jarraituko du. Ez badu hori lortzen, horretan geldituko da.

Hamabost kantuetatik bat aukeratuko zenuke?

Oso zaila egiten zait aukeratzea. Nik uste dut abesti bakoitzak mementoa baduela. Baina bat aukeratzekotan, eta aprobetxatzeko sekulako lana egin duela, 'Orain' abestia aukeratuko nuke. Santi Balmesek, de Love Of Lesbianeko kideak, parte hartu du. Euskaraz kantatu du eta berak ez daki hitz bat ere ez euskaraz. Sekulako lana egin du.

Gainera, bideoklipa gure laguna den Gaizka Izagirrek egin du. Izugarrizkoa da. Stop motion teknika erabili du. Kantu hori aukeratuko nuke arrazoi horiegatik. Baina pentsatzen dut bakoitza berezia dela, eta edozein mementoan jarri leikeela.

Larunbatean Durangoko Platerunean jo zenuten eta hurrengo abenduaren 10ean Baionako Zizpa Gaztetxean egongo zarete. Aurreko diskoekin ere Ipar Euskal Herria bisitatu ohi izan duzue. Nolako zaletasuna dago zuen musikarekiko?

Aurretik asko joaten ginen. Mugimendu gehiago ikusten genuen. Orain, berriro hasi gara joaten eta interes handia ikusten da. Kontzertuetan sekulako giroa dago beti. Guretzat hori oso garrantzitsua da. Jendea gustura dago taldearekin. Mugitzeko lekua dutenez eta soinuak horretara eramaten zaituenez, normalean giro ederra topatzen dugu. Espero dugu Baionan ere horrelako giro majoa izatea eta ondo pasatzea denon artean.

Bi kontzertu oso ezberdin biziko dituzue aste batetik bestera. Hau da, Platerunea eta Zizpa Gaztetxeko eszenatokiek guti dute amankomunean. Egoera horiek nola bizitzen dituzue?

Hori gozada bat da. Bizitzen ditugun gauzak era ezberdinetakoak dira. Platerunea antzokia handiagoa da, bestea, ordea, tipiagoa. Leku tipietan duzun feedback hori izugarria da. Hori ere berreskuratzeko eta bizitzeko irrikitan gabiltza.

Ipar Euskal Herrian eskaini kontzerturen bat gogoratuko zenuke?

Ezberdina izan zena, ez dugulako jo eszenatoki handietan, Biarritzeko Big Festivalarena izan zen. Baina badaude pila bat kontzertu leku tipietan eskaini ditugunak oso bereziak izan direnak. Adibidez, Hazparneko Ttattola Gaztetxekoa. Sekulako giroa sortu zen eta oso gustura jo genuen. Adibide moduan. Leku tipiek xarma brutala dute. Oso gertu zaude pertsonetaz eta gozada bat da.

Ipar Euskal Herriko zein talderen musika segitzen du Zea Maysek?

Begiz Begi taldearena, adibidez. Pasa den urtean Durangoko Azokan ikusi genituen eta diskoa eskuratu genuen. Uste dut aurten ere ibili direla.

Hurrengo urtean hogei urte beteko dituzue. Aiora Reteriak nola irudikatzen du taldearen etorkizuna?

Oraingoz animoso gaude eta espero dugu beste hogei urte egitea. Printzipioz, hogeira ailegatuta pozik gaude. Jarraitzeko asmoarekin eta jotzen jarraitzeko irrika handiarekin gabiltza. Badakizu bizitzak buelta asko ematen dituela, baina printzipioz gu memento onean gaude. Oso gustura gaude musika egiten, gozatzen eszenatokietan eta lokalean. Aurrera jarraitzeko prest gaude.