Kazeta

"Kalera" jo euskal presoen etxeratzearen alde

Euskal preso politiko ohien mugimenduak "Kalera Kalera! Bakea ta askatasuna irabaztera" lemapean dinamika abiatuko du abenduaren 10ean Usurbilen (Gipuzkoan). Lau ehun preso ohik baino gehiagok desmartxaren aldeko engaiamendua adierazi dute.

Kalera Kalera dinamikaren baitan, ekimenak antolatuko dituzte urtarrilaren 8a arte. ©Bob EDME
Kalera Kalera dinamikaren baitan, ekimenak antolatuko dituzte urtarrilaren 8a arte. ©Bob EDME

Preso politiko ohien kolektiboak Kalera Kalera dinamika aurkeztu du abenduaren 8an Baionan. Desmartxaren xedea presoen etxeratzea aldarrikatzea da. Horrez gain, Euskal Preso Politikoen Kolektiboari (EPPK) bere babesa adierazi nahi dio. Baita, "Amnistia, bakea eta askatasunaren aldeko mezua ozen" hedatu nahi du ere.

Bada urte bat preso politiko ohien kolektiboak elkartzeko beharra sentitu zuela. Batez ere, euskal presoen etxeratzearen alde beren ekarpena eskaini nahi zuen. "Esparru politikoan eragiteko" beharra nabarmen du, batez ere "beren egoera gizarteratzeko".

Barda egin agerpenean, gaur egun egoera "onartezina" dela nabarmendu du. Ildo horretatik, François Hollanden mandatuaren bukaeran bilanak egiteko unea dela azpimarratu du. Orohar euskal errepresaliatuak "behin eta berriro erasotuak" direla dio. Ibon Fernandez Iradiren aldeko keinua adierazi ondoren, Fijait fitxategien ezarpena oroitarazi du.

400 preso ohien sostengua

Preso politiko ohiek Kalera Kalera dinamika abiatuko dute abenduaren 10ean. Desmartxak gune nagusi bat izanen du Usurbilen: KaleraGunea. Egunero, urtarrilaren 8a arte, preso ohiak bertan bilduko dira ekimenak proposatzeko xedez. Hain zuzen, gaur egun arte lau ehun preso ohi engaiatu dira KaleraGunean parte hartzeko.

Euskal Herria osoan ere ekimenak prestatuko dituzte: martxak, autokarabanak, elkarretaratzeak, manifestazioak, kalejirak... Larunbat arratsaldean antolatuko duten estreinaldiak abiapuntua emanen die hitzorduei.

Abenduaren 17an Miren Illarreta eta Maritxu Paulus Basurco abokatuek Estatu frantsesean dauden presoen berri emanen dute. Gainera, abenduaren 19an Clara Rouget eta Paulus Basurcok abokatuek Fijait fitxategiei buruzko solasaldia proposatuko dute. Abenduaren 31n Euskal Herriko kartzeletara martxak antolatuko dituzte. Azken egunean, preso eta iheslari ohien agerraldi "masiboa" iraganen da.

"KALERA, KALERA! Bakea ta askatasuna irabaztera" dinamikaren ekimenak hemen ikusgai.