Kazeta

Gobernantza hitzarmena aho batez onartu dute

Elkargo bakarraren Gidaritza batzordeko kideek aho batez gobernantza hitzarmenaren alde bozkatu dute. Batzorde exekutiboa hogeita bost kidez osatua izanen da.

Jean-René Etchegarayren proposamenaren alde agertu dira Gidaritza batzordeko kideak.
Jean-René Etchegarayren proposamenaren alde agertu dira Gidaritza batzordeko kideak.

Elkargo bakarraren batzorde exekutiboaren osaketak ezadostasunak piztu zituen arren, Gidaritza batzordeko kideak adostasun batera heldu dira. Aho batez alde bozkatu dute abenduaren 6ko bilkuran. Horien artean, elkargo bakarraren kontrakoek ere.

Azken horiek, hasiera batean, batzorde exekutiboa hogeita bi kidez osatua izatea proposatu zuten. Jean-René Etchegaray Gidaritza batzordeko presidenteak, ordea, hogeita bost kidek osatzea proposatu zuen. Azken bilkuran lehendakariaren proposamenaren alde agertu dira kide guziak.

Hain zuzen, hogeita bost kide horietatik presidenteak hiru kide hautatzen ahalko ditu. Hiru kide horiei esker desoreka batzuk konponduko lirateke. Adibidez, emazte kopuruarena. Haatik, presidenteak hautatuko dituen hiru kide horietako bat Euskal Kosta-Aturrikoa izan beharko da.

Oroitarazi behar da elkargo bakarraren Kontseilu Komunitarioak 233 eserleku izanen dituela. Batzorde iraunkorrak 69 eta exekutiboak 25.

Batzorde iraunkorraren 69 eserlekuen banaketa: Euskal Kosta-Aturri 26, Hego Lapurdi Hirigunea 14, Amikuze 3, Errobi 6, Iholdi-Oztibarre 2, Garazi-Baigorri 3, Euskal-Aturri 4, Xiberoa 4, Hazparneko herri elkargoa 4 eta Bidaxuneko herri elkargoa 2.

Batzorde exekutiboaren 25 eserlekuen banaketa: Euskal Kosta-Aturri 9, Hego Lapurdi Hirigunea 4, Amikuze 1, Errobi 2, Iholdi-Oztibarre 1, Garazi-Baigorri 1, Euskal-Aturri 2, Xiberoa 1, Hazparneko herri elkargoa 1 eta Bidaxuneko herri elkargoa 1.