Iurre BIDEGAIN

Herri honi nortasuna ematen dioten eleen bila

Xiberoko Hebentik elkarteak bultzaturik, lau lagunek Euskal Herriko zortzi herri zeharkatu dituzte nortasun berezia ematen dietenaren bila: eleak. Senpere ezagutu duten azken herria da. "Zuëk heben" lelopean gaualdi berezi bat antolatuko dute ostiralean bildutakoa publikoari erakusteko.

"Zuëk heben" lelopean gaualdia antolatuko dute Senperen abenduaren 9an. ©Patxi Laskarai
"Zuëk heben" lelopean gaualdia antolatuko dute Senperen abenduaren 9an. ©Patxi Laskarai

Xiberoko Hebentik elkarteak bada lau urte egitasmoa abiatu zuela. Jean-Christian Galtxetaburu, Mixel Etxekopar, Patxi Laskarai eta Pierre Visslerrek Euskal Herriko zortzi herri bisitatu dituzte bakoitzaren nortasuna biltzeko xedez. Taldearen aburuz, bakoitzari ematen dion ikutu berezia bizizaleak eta horien eleak dira, euskalkiak. Abenduaren 7tik 9ra Senpereko herrian gaindi ibili dira. "Zuëk heben" lelopean antolatu duten gaualdian atzeman dutenaren berri emanen dute soinu, azalpen eta argazkien bidez. Ekimena Larraldea aretoan antolatuko dute 19.30etan.

"Euskal Herrian ibili nintzelarik, beti harritu nau bazterren ikusteak, baina gehiago jendeen hitzak eta euskalkiak. Ulertzea zer dion bakoitzak bere euskalkian ari denean. Musika horrek beti lazgarri hunki nau", azaldu du Mixel Etxekoparrek. Sentimendu horrek gidatuta, "Euskal Herriko atlas geopoetikoa" abiatzea erabaki zuten.

Herri bat hautatu eta lau lagunek hiru egun pasatzen dituzte bakoitzean. Beren arreta piztu duen azkena Senpere izan da. Errekako soinua biltzeaz gain, herritarren euskalkiak hurbiletik ezagutu dituzte. Laskaraik potretak egiten ibili da eta Galtxetaburu Etxekoparrekin batera "kalakan". Hirugarren egunean herriari bere emaitza erakutsiko diote.

Senperek "familiakoak bezala hartu" dituela adierazi du Etxekoparrek. Lehen egunean, kafe bero baten bueltan, kantu zaleak topatu eta ideiak elkar trukatu dituzte. "Pistak eman dizkigute. Orain gure bidea egiten segituko dugu. Tximeleta bat bezala".

"Emanaldian herria guk ikusi dugun bezala erakutsiko dugu. Oso subjektiboa da. Ez dena ikusten, ikusten dugu. Batzuetan guk ikusi duguna ez du nehork ezagutzen. Hori da kanpotik etortzearen alde ona", aipatu du xiberotarrak.

Atlasaren lehen alea

Senperera hurbildu baino lehen zazpi herrik errezibitu dituzte. Hau da, Pagola, Arnegi, Hendaia, Barkoxe, Usurbileko Aginaga auzoa, Iruñeko Arrotxapea auzoa eta Bera. Bakoitzean desmartxa berdina burutu dute. Haatik, orain arte bildutakoa Euskal Herriko atlas geopolitikoaren lehen alean argitaratzea erabaki dute.

"Argazkiak agertuko dira eta disko batean lekuko musika eta jendeen solasak erakutsiko ditugu. Gainera, aldi oro, idatzitako kronika ere plazaratuko dugu", gehitu du. Etxekoparrek dioenez, urte undarrerako prest izango lukete.

Akordeonista, soinulari, argazkilari eta soinu hartzaile hauentzat "euskal herriek eta herrialdeek badute berez izen eta izana". "Nire hunkitzen didan gehiena, bazterrak bai, baina jendearen euskarazko hitzak dira. Eleak", nabarmendu du Mixel Etxekoparrek.