Iurre BIDEGAIN

Euskaltzaindiak eta Baionako Herriko Etxeak lankidetza-hitzarmena izenpetu dute

Euskaltzaindiak eta Baionako Herriko Etxeak lankidetza-hitzarmena izenpetu dute abenduaren 6an. Erakundearen zerbitzuak Herriko Etxearen esku uzteaz gain, elkarlanean ekimenak antolatzea aurreikusi dute. Desmartxa aitzindariaren xedea euskara sostengatzea eta garatzea da.

Lehen aldia da Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmen bat izenpetzen duela Ipar Euskal Herriko hiri batekin. ©Isabelle Miquelestorena
Lehen aldia da Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmen bat izenpetzen duela Ipar Euskal Herriko hiri batekin. ©Isabelle Miquelestorena

Lehen aldia da Euskaltzaindiak Ipar Euskal Herriko hiri batekin gisa horretako lankidetza-hitzarmen bat izenpetzen duela. Lehena, baina ez azkena. Hala baieztatu du Xarles Videgain Euskaltzaindiko kideak. Elkarlanari esker, erakundeak eskaintzen dituen zerbitzuak Herriko Etxearen esku egonen dira. Harago joateko helburuz, biek, elkarlanean, ekitaldiak antolatuko dituzte. Hala nola, formakuntzak, irakurketa saioak eta hitzaldiak.

"Badu aspaldi pentsatzen dugula Euskaltzaindiak egiten duen lana gehiago aipatua izatea merezi duela. Orain arte euskararen alde dituen tresnak garatzen segituko du, baina pentsatu genuen interesgarria litzatekeela hemengo Herriko Etxeengana joatea", azaldu du Videgainek. Ildo horretatik, Baionako Herriko Etxearengana jotzea erabaki zuen.

Izenpetu duten lankidetza-hitzarmenari esker, "Herriko Etxeak laguntza emanen diola hitz eman du". Gisa berean, Euskaltzaindiak dituen zerbitzuak Herriko Etxearen esku ezarriko dituela zin egin du, kideak aipatu duenez. "Desmartxa interesgarria da euskarak bere tokia izan dezan", gehitu du. Xarles Videgainek aste batzuen buruan Euskal Elkargoa plantan ezarriko dela oroitarazi du. Bere aburuz, "Baionak eragin handia" izanen du egitura horretan.

Orain arte egin bezala, Herriko Etxeak Gaztelu Berriko egoitza erakundearen esku uzten segituko du. Euskaltzaindiak, bere aldetik, laguntza eskaintzen dio, adibidez, onomastikarentzat. Akordioari esker etorkizunean antolatuko dituzten ekitaldientzat ere laguntza ekonominikoa emanen du.

Euskara hedatu

Itunaren xede nagusia euskararen presentzia bermatzea da. "Euskaltzaindiaren lana ez denez oso ezaguna, gure alde ari gara. Baina pentsatzen dugu euskararen aldeko lana ere dela. Bere aitorpenarentzat", aipatu du Videgainek. Elkarlanari esker, erakundeak aholkularitza eta laguntza emanen dizkio. Batez ere euskara sustatzeko politika hainbat arlotara hedatzeko. Hala nola, hezkuntzan, kulturan, komunikazioan eta animazioan.

Baiona lehen hiria izan den arren, beste herriekin harremanetan jartzen hasi direla iragarri du Euskaltzaindiko kideak. "Ondoko hilabeteetan espero dugu beste hainbat herriekin ere lankidetza-hitzarmenak izenpetzea", erran du.