Kazeta

Departamenduko kartzela berria Pauen kokatuko da

Pirinio Atlantikoetan eraikiko duten kartzela berria Pauen kokatuko da. Hala baieztatu du Eric Morvan prefetak Baionako presondegira egindako bisitan, abenduaren 7an.

 Baionako kartzelak 75 plaza dauzka. © Gaizka IROZ
Baionako kartzelak 75 plaza dauzka. © Gaizka IROZ

Pirinio Atlantikoetako departamenduan 300 leku izanen dituen kartzela baten proiektua aurkeztu zuten jada. Nahiz eta zurrumurruak entzun ziren, orain arte kokapena ezezaguna zen. Azkenean, Eric Morvan prefetak kartzela Pauen kokatuko dela baieztatu du, Sud Ouest egunkariak jakitera eman duenez.

Prefetak berria Baionako presondegira egin bisitan azaldu du abenduaren 7an. Bertan zegoen zuzendari berriaren etorreraren karietara. Morvanek aipatu duenez, Ipar Euskal Herriko kostaldeko lurraldearen ezaugarriek ez dute presondegia bertan kokatzea ahalbidetu.

Komunikabideak azaldu duenez, prefetak bere proposamenak helaraziko dizkio Justizia Ministerioari abendu erditsuan. Heldu den urtean erabakia jakinaraziko lukete. Haatik, presondegia hemendik sei-zortzi urtera estreinatuko lukete.

Oroitarazi behar da urriaren hasieran Manuel Vallsek datozen hamar urteetan 10.000 espetxe plaza berri sortu nahi dituztela adierazi zuela. Colette Capdevielle diputatu sozialistak, departamenduko kartzela berriari dagokionez, Baionan kokatzearen alde agertu zen.