Kazeta

Donibane Lohizuneko geriatria sarea berrituko dute

Trikaldi gunea saldu ondoren, Donibane Lohizuneko geriatria gunea berrituko dute. Zahar-etxe berriaz gain, bizitegi sozialak eraikiko dituzte.

Office 64 de l'Habitat deitu erakundea bizitegi sozialen egitasmoaz arduratuko da. ©Isabelle Miquelestorena
Office 64 de l'Habitat deitu erakundea bizitegi sozialen egitasmoaz arduratuko da. ©Isabelle Miquelestorena

Euskal kostaldeko ospitalea, ARS Eskualdeko osasun agentziak eta Donibane Lohizuneko hautetsiek geriatria sare berriaren egitasmoa aurkeztu dute. Saldu ondoren, Trikaldi guneko zati handi bat bizitegi sozialak eraikitzeko erabiliko dute.

Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak Trikaldi guneko 13.000 metro karratuetan betebehar soziala izanen duen egitasmo bat burutuko du. Office 64 de l'Habitat deitu erakundea proiektuaz arduratuko da. Sortuko duten eraikinean 80 etxe alokairu sozialarentzat zuzenduko dira. Halaber, 36 alokairu sozialera heltzeko bizitegiak izango dira. Azkenik, prezio berezian alokatuko dituzten 58 etxebizitza eraikiko dituzte.

Bizitegi sozialetaz gain, laurogei oheko zahar-etxe bat eraikiko dute. Gainera, iraupen luzeko artatzeentzat 54 ohe izango dituen eraikina aurreikusi dute. 

Egitasmoaren baitan, artatze eta ahalmen berreskuratze zerbitzua Donibane Lohizuneko ospitalera eramanen dute. Hain zuzen, 38 ohe bertara leku aldatuko dituzte. Horiek geriatria zerbitzuaren gunean kokatuko dira, azken hori Baionara eramanen dutelako.

Geriatria sarearen berritzeak 10,9 milioi euroko aurrekontua du. Erdia Trikaldiren salmentarekin finantzatuko dute. Halaber, 80.000 eurotan saldu duten beste eraikin bati esker ere proiektua burutuko dute. Departamenduko kontseiluak 900.000 euroko diru laguntza eskainiko du. Azaldu dutenez, obrek 2022a arte iraunen dute.