Kazeta

HELEP: Adostasunik ez gobernantza hitzarmenaz

Elkargo bakarraren batzorde exekutiboaren osaketak ezadostasunak piztu ditu. Instituzio berriaren kontra daudenek Gidaritza batzordeko beste kideek egin proposamena ezeztatu dute. Kideek aste bat dute gaiari buruz hausnartzeko.

Jean-René Etchegary, elkargo bakarraren Gidaritza batzordeko presidentea. ©Nicolas Mollo
Jean-René Etchegary, elkargo bakarraren Gidaritza batzordeko presidentea. ©Nicolas Mollo

Elkargo bakarraren Gidaritza batzordea gobernantza hitzarmenaz eztabaidatzeko bildu zen azaroaren 29an. Hain zuzen, kideek batzorde exekutiboaren osaketaz hausnartu behar zuten. Batzorde horretan lehendakaria eta lehendakariordeak parte hartzeaz gain, hautetsiek ere beren tokia izango dute.

Hasiera batean batzorde eragilea hogei kidez osatua izango zela aipatu zuten. Bilkuran, Jean-René Etchegaray Gidaritza batzordeko lehendakariak hogeita bost kidek osatzea proposatu du. Horietako hiru, presidenteak berak hautatuko lituzke.

Hiru kide horiei esker desoreka batzuk konponduko lirateke. Hala nola, emazte kopuruarena. Pertsona horiek nortzuk izango diren ezezaguna da, baina zurrumurru batzuk entzuten hasi dira. Hots, Kotte Ecenarro Hendaiako auzapeza eta Michel Etchebest Mauleko auzapeza aukeratuko lituzke.

Elkargo bakarraren kontrakoak Etchegarayren proposamenaren aurka agertu dira. Azken horiek hogeita bi kide izatea proposatu dute. Beren aburuz, hiru pertsona gehigarriek desoreka demografikoa sortuko lukete. 

Egoera ikusita, Gidaritza batzordeko presidenteak adostasun batera heltzeko aste bateko epea finkatu du. Heldu den abenduaren 6ko bilkuran aterabide bat atzeman beharko dute. Haatik, ados jarriko badira ere, Emmanuel Alzuri Bidarteko auzapezak gobernantzaren kontrako helegite berri bat martxan dagoela jakinarazi du.