Kazeta

Bernard Kouchnerrek Fernandez Iradiren kasua osasun irizpideen arabera aztertzea eskatu du

Bernard Kouchner Nicolas Sarkozyren Atzerri Ministro ohiak eri diren presoen askatasunaren alde egin du, bake prozesua aitzina dadin. Publiko egin duen deialdian, Ibon Fernandez Iradiren kasua osasunaren arabera aztertua izan dadin aldarrikatu du.

Ibon Fernandez Iradi eta gaixo dauden presoen aldeko manifestazioa Baionan. ©Bob EDME
Ibon Fernandez Iradi eta gaixo dauden presoen aldeko manifestazioa Baionan. ©Bob EDME

Nicolas Sarkozyren Atzerri Ministro ohia izan zenak larriki eri den Ibon Fernandez Iradiren kasuaz hausnartu du. Oroitarazi behar da, Pariseko Zigorren Aplikazio Ganbarak euskal presoaren kondena eteten duen edo ez erabakiko duela abenduaren 15ean.

Bernard Kouchnerrek plazaratu duen deian, bake prozesua aitzina dadin gatazkan parte hartzen dutenek neurri zehatzak hartu behar dituztela errana da, hala nola, larriki eri diren presoen askatzea. Ildo horretatik, Estatu frantsesean "osasun arrazoiengatik kondena etetea" ahalbidetzen duen legea adostu zela nabarmendu du. Hain zuzen, 2002ko martxoaren 4ean onartua izan zen.

"Munduko medikuak" eta "Mugarik gabeko medikuak" elkarteen sortzaileetakoa denak Ibon Fernandez Iradiren kondena etetearen eskaera osasun analisien arabera aztertua izan dadin eskatu du, Bagoazek argitara eman duenez. Oroitarazi behar da esklerosiz anizkoitza duen presoari egin bi ikerketek bere eritasuna eta presondegia ez direla bateragarriak ondorioztatu zutela. Hirugarrenak, ordea, kontrakoa adierazi zuen.

Ministro ohiak gatazkaren biktimei bere elkartasuna helarazi die. Euskal Herrian "bake iraunkorra eta justua" ahalbidetuko duten baldintzak lortzeko, eragile guziei, legea errespetatuz, konponbidearen alde lan egiteko deia luzatu die. "Deliberamendu eta gizatasunarekin", erantsi du.