Kazeta

Seaskaren egutegia, argazkilariaren lanaren ispilu

Seaskak aurtengo egutegiak aurkeztu ditu Baionan. Agerraldia baliatu du agertzen diren Bob Edmeren irudiek sortu eztabaidari erantzuteko. Ikastolen elkarteak urtero argazkilariari adierazpen askatasuna eskaintzen diola argi utzi du.

Urtero Seaskak 52.000 ale baino gehiago argitaratzen ditu. ©Isabelle Miquelestorena
Urtero Seaskak 52.000 ale baino gehiago argitaratzen ditu. ©Isabelle Miquelestorena

2011tik Seaskak egutegietan agertuko diren irudietaz arduratzea eskatzen dio argazkilari bati. Aurten, Bob Edme Mediabask eta Associated Presseko argazkilariaren irudiak ikusgai dira. Bere lana irudikatzeko erabili argazkiek eztabaida sortu dute. Seaskak egutegien aurkezpena erabili du desmartxari buruzko azalpenak emateko.

Seaskako egutegiak 1982an sortu ziren. Urtero 52.000 ale baino gehiago argitaratzen ditu. Ikastola bakoitza salmentaz eta irabazien bilketaz arduratzen da. Paxkal Indo Seaskako lehendakariak azaldu duenez, argazkilariari bere lana irudikatzen dituzten irudiak eskatzen dizkio. "Seaskak adierazpen askatasunaren eskubidea eskaintzen dio. Erredakzio irizpiderik ez finkatzea erabaki dugu", aipatu du Indok.

Prentsa argazkilari bati eginkizuna ematean, irudiek zentzua izango zutela bazekien elkarteak. Hain zuzen, zenbait irudik burasoen arreta erakarri dute. Batzuen ustez, irudiak "politikoak" dira, hala nola, manifestazio baten argazkia. Halaber, beste batzuk Seaskarekin bat egiten ez dutela diote. Adibidez, Jean-Paul II aita sainduaren irudia. Seaskako lehendakariak orain arte argitaratutakoarekin haustura bat agertu dela aitortu du. Haatik, atsekabetua agertu da anitzek "aurten ohartu direlako egutegietan argazkiak daudela".

Argazkiaren irakurketa

Bob Edme argazkilaria piztu den eztabaidarekin harritu da. "Irudiak prentsan agertu direla nabarmendu nahi dut. Nire lana irudikatzen dute", gehitu du. Irudiek kulturaren parte diren dantza eta pilota erakusten duten heinean, "gizartearen garapena islatzeko" baliagarriak dira ere.

Argazkilariak "artista" ez dela azpimarratu du. Ildo horretatik, argazkien zentzua ulertzeko manera aipatu du. "Jean-Paule II.aren argazkia ez da fedearen adierazpena. Pertsonaiaren gainbehera eta aldi berean munduan duen garrantziaren arteko kontrastea islatu nahi izan dut", erran du.

Seaskako egutegian agertzen diren irudiak ikusgai izanen dira urtarriletik aitzina Euskal Museoaren erakusketan.