Arantxa MANTEROLA

Euskara eta elkargo bakarra hizpide Jagon jardunaldian

Euskal Konfederazioak eta Euskaltzaindiak Jagon jardunaldia antolatuko dute Baionan azaroaren 19an. Ekimenean Ipar Euskal Herrian abian jarriko den elkargo bakarrak euskararen gainbeherari aurre egiteko duen erronkaz arituko dira hainbat aditu eta hautetsi.

Urtarrilaren 1ean abiatuko den erakunde berriaren euskarazko izendapena «Euskal Elkargoa» izatea proposatu dute Euskal Konfederazioak eta Euskaltzaindiak. ©Isabelle Miquelestorena
Urtarrilaren 1ean abiatuko den erakunde berriaren euskarazko izendapena «Euskal Elkargoa» izatea proposatu dute Euskal Konfederazioak eta Euskaltzaindiak. ©Isabelle Miquelestorena

Aurten Baionan egingo du Euskaltzaindiak urtero egin ohi duen Jagon jardunaldia, Euskal Konfederazioarekin (EK) elkarlanean, gainera. 2017ko urtarrilaren 1etik goiti bere ibilbidea hasiko duen elkargo bakarraren testuinguruan, Ipar Euskal Herrian euskarak duen gainbehera larriaz eta, bereziki, egoera hori iraultzeko ezinbestean beharko litzatekeen hizkuntza politikaz gogoetatzeko baliatuko dute azaroaren 19ko jardunaldia, Garako artikuluak azaldu duenez.

"Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa" du, hain zuzen, izenburua XXI. Jagon jardunaldiak eta Euskal Museoan izango da. Egun osoa iraungo du eta bat-bateko itzulpena (euskara-frantsesa) bermatua izango da. Goizeko 09.30ean, eta Battitu Coyos euskaltzainaren eta Maider Hegi EKren kidearen agurraren ostean, ekingo diote lehen eztabaidari, euskararen estatusa, lege markoak eta aukerak hizpide hartuta. "Hizkuntza politikaren erronkak" izango da bigarren mahai-inguruaren gaia eta, arratsaldeko saioan, hirugarrena izango da, biharko hizkuntza politikaren antolaketaren inguruan gogoetatzeko.

Euskalgintzako esparruko hizlari eta parte-hartzaile ugari izango da eta hainbat hautetsi ere presente izango da jardunaldian, besteak beste, Mathieu Berge, Euskararen Erakunde Publikoko presidentea. Amaieran, Xarles Videgainek eta Maider Hegik aldarrikapen agiri bat irakurriko dute bi erakunde antolatzaileen izenean.

Egiazko hizkuntza politika

Euskaltzainditik Sagrario Aleman eta Battitu Coyos eta EKtik Aines Dufau eta Hur Gorostiaga oso pozik azaldu ziren azaroaren 8an egindako aurkezpenean, jardunaldiak "aspaldiko harremana eta elkarlana indartzeaz gain, estrategiari begira ere elkarrekin aritzea" ahalbidetuko dielako. Izan ere, argi dute Ipar Euskal Herrian euskararen geroa bermatzeko "aldian aldiko eta kolpez kolpeko" ekinaldiak gainditu eta "egiazko hizkuntza politika, osoa eta transbertsala, helburuak finkatuko dituena eta horiek aurrera eramateko behar diren bitartekoak izango dituena" ezinbestekoa dela.

Hori plantan emateko, "erakunde berriak eta, horrenbestez, hautetsiek ere berebiziko erronka" dutela nabarmendu zuten. Horri guztiari buruz hausnartuko dute jardunaldian.