Kazeta

Otxandio eta Iruñea lotuko ditu 20. Korrikak

Martxoaren 30ean Otxandion hasi eta apirilaren 9an Iruñean bukatuko da 20. Korrika. Heldu den urteko ekimena "Batzuk" lelopean iraganen da.

Korrikaren 20. edizioa aurkeztu dute Donostian azaroaren 9an. Martxoaren 30ean Otxandion hasi eta hamaika egun beranduago Nafarroako hiriburuan bukatuko da. Heldu den urteko ekimena "Batzuk" lelopean iraganen da: "egin bat, egin BATZUK.  Bat egitera. Zuk egitera.  Euskaraz".

Mertxe Mujika AEKko koordinatzaile nagusiak Korrika "elkarlanaren eta auzolanaren eredurik argiena" dela aipatu du. Euskararen normalizaziora heltzeko helduen espazioak euskaraz ibiltzea "ezinbestekotzat" jo du. 

"Administrazioari dagokionez, esan behar dugu oraindik ere euskaltegiei zuzendutako baliabideak ez direla nahikoak", erantsi du. Bere aburuz, helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea "nahitaezkoa" da. Ildo horretatik, 20. Korrikaren irabaziak Euskal Herri osoko bere euskaltegiak laguntzeko bideratuko ditu AEKk.

Gainera, aurkezpenean azaldu dutenez, "euskararen erreferentzia bilakatu den" ekimenak Korrikaren sortzaileak omentzeko baliatuko dute. "Korrikaren ideia saritzeko", gehitu dute. Hain zuzen, Korrika sortu zutenek 20. edizioaren omenaldia jasoko dute.