Kazeta

Donald Trump, Estatu Batuetako presidente berria

Donald Trumpek Estatu Batuetako lehendakari hauteskundeak irabazi ditu. Inkestei bizkarra emanez, zalantzan zeuden estatu gehienetan bozen gehiengoa lortu du Alderdi Errepublikanoko hautagaiak.

Donald Trumpek 276 ordezkari lortu ditu.
Donald Trumpek 276 ordezkari lortu ditu.

Espero baino lehenago jakitera eman da Estatu Batuetako lehendakari berriaren izena. Beste behin ere, lehendakaria izendatzeko hauteskundeetako emaitzek bizkarra eman diete inkestei. Donald Trumpek 276 ordezkari lortu ditu, jakinik 270 ordezkarien langa gainditu behar zela Etxe Zuriaren gidaritza eskuratzeko. Lehia zuzenean zegoen Hillary Clintonek, ordea, 218 lortu ditu.

Trumpek garaipena lortu du Wisconsineko estatuko bozen gehiengoa eskuratzearekin. Nabarmentzekoa da azken hauteskundeetan, 2012an iragan zirenak, Barack Obamak 332 ordezkari lortu zituela eta bere kontra aritzen zen Mitt Romney errepublikanoak aldiz 206.

Alderdi Errepublikanoko hautagaiak lehendakaritza Ohio, Florida, Iowa edo Ipar Carolinan emaitzei esker lortu du. Gune horiek erabakigarriak ziren azken emaitzari begira. Gainera, Clintonek alderdi demokrataren aldekoak izan ohi diren Michigan edo Wisconsin estatuetan galdu du.

Pensilvanian ere gehiengoak Donald Trumpen alde jo du. Alderdi demokratako hautagaiak estatu hori hautatu zuen kanpainari amaiera emango zion ekimena antolatzeko. George Bush (aitak) 1988an hauteskundeak irabazi geroztik, hautagai errepublikanoek ez zuten garaipena lortu estatu horretan; gaur arte.