Iurre BIDEGAIN

Antzerkizale saria eskainiko diote Kattalin Salaberriri

Heldu den urriaren 29an Antzerkizale Eguna ospatuko dute Urruñan. Aurten Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak saria Kattalin Salaberri antzerkilariari eskainiko dio.

Kattalin Salaberri, antzerkilari, irakasle eta ipuin kontalaria. ©Isabelle Miquelestorena
Kattalin Salaberri, antzerkilari, irakasle eta ipuin kontalaria. ©Isabelle Miquelestorena

Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak egun berezia antolatuko du urriaren 29an Urruñan. 2010ean ekimena hasi zuenetik, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaian antolatu du baina oraino ez Ipar Euskal Herrian. Aurtengo ekimenean, Euskal Herriko Antzerkizale (EHAZE) saria Kattalin Salaberriri emanen dio.

Salaberrik antzerkigintzako ibilbidea  hogei urte zituelarik abiatu zuen. Geroztik, Seaskako irakasle, bertso irakasle baita ipuin kontalaria izan da. Egun erretretan da. Euskal Herriko Antzerkizale elkarteak euskal antzerkigintzaren alde burutu lana sariztatu nahi izan du. "Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan gauza asko ekarri ditu. Bere lana oso garrantzitsua da", azaldu du Unai Villacorta Urruñako Euskal Herrian Bizi taldeko kideak.

Urtero ekimenak antzerkilari batek egin lana omentzen du. Iñaki Beobidek lehen Antzerkizale saria jaso zuen 2010ean. Eta geroztik, Agus Perez eta Ramon Aguirreri egin diete aitorpena.

Villacortak azaldu duenez, igandeko ekimena adin guztiei zuzendu nahi izan dute. Piarres Larzabali eskaini omenaldiak hasiera emanen dio egunaldiari. Bazkariaren ondotik, hiru ikusgarri eskainiko dituzte: "Herrialde urdina", "Ezer ez da dirudiena" eta "Poesia mugimenduan". Ondoren, 20.00etan saria emanen diote Salaberriri. buraratzeko, 20.30tan Imanol Carballoren kantaldiak amaiera emanen dio aurtengo edizioari.