Kazeta

Poliziak karrikara atera dira Estatuaren engaiamendua aldarrikatzeko

Poliziek bi elkarretaratze antolatu dituzte urriaren 26an Baionako komisaldegian; bat 12.00etan eta bestea 21.00etan. Harmaka pertsona elkartu dituen eguerdiko mobilizazioan Fronte Nazionalak ere parte hartu du.

Fronte Nazionaleko kideak parte hartzaileen artean zeuden. ©Bob EDME
Fronte Nazionaleko kideak parte hartzaileen artean zeuden. ©Bob EDME

Poliziak Baionako karriketara atera dira Estatu frantsesaren engaiamendua aldarrikatzeko. Jasotzen dituzten erasoak salatzeaz gain, ahalmen eskasak agerian utzi dituzte. Horretarako, bi elkarretaratze antolatu dituzte Baionako komisaldegiaren aitzinean. Eguerdikoan, berrogeita hamar pertsona baino gehiago elkartu dira. Horien artean Fronte Nazionaleko kideak. Bigarrena iluntzean iraganen da, 21.00etan hain zuzen.

Urriaren 8an Essonnen polizia bat erasotua izan zen molotov koktel baten eraginez. Erasoa dela eta, poliziek mobilizazioak biderkatu dituzte Estatu frantsesean. Iragan urriaren 21ean hirurogei bat polizia Hendaiako herriko etxearen aitzinean elkartu ziren.

Egungo mobilizazioak isilak izan dira. Hots, antolatzaileek "banderola, etiketa eta hitz hartzerik gabe" iragaiteko agindua eman zuten. Elkarretaratzean parte hartu dutenek, "segurtasun publikoa ziurtatzeko baliabide eskasak" salatu dituzte. Gainera, poliziek beren lanaren"aitorpena" aldarrikatu dute.

Fronte Nazionaleko kideek elkarretaratzera joateko deia luzatu zuten. Colette Capdevielle diputatu sozialistak "berreskuratze politikoaren saiakera hori fermuki kondenatu" zuen agiri baten bidez urriaren 25ean.