Argitxu ETXANDI

Euskal Elkargoa: euskararen lurraldea?

ANALISIA - Ipar Euskal Herriko herri elkargoak aukera berriak eskainiko dizkio hizkuntza politikari.

«Euskara hizkunz ofiziala! Euskal Herri Elkargoa!» Deiadar Baionan (Gorka RUBIO | ARGAZKI PRESS)
«Euskara hizkunz ofiziala! Euskal Herri Elkargoa!» Deiadar Baionan (Gorka RUBIO | ARGAZKI PRESS)

Hizkuntza politikaren bidea ez da beti leuna izan azken urte hauetan. Oroitzen gira euskalgintzak hizkuntza politikaren inguruko itun bat landu baitzuen azken lurralde kontratuan eta nola bide batez eskakizuna baztertua izan zen, eta zenbat aldiz tokiko hizkuntzen babeserako lege baten zain egon giren, Pariseko legebiltzarrari so. Agian zailtasun handiena gure egituraketa bera ginuen, lurralde erakunde eskasagatik. Baldintza horietan, zaila zen hizkuntza politika bateratua eramatea Ipar Euskal Herriko eremu osoan.

Oraingoan, lurralde erreforma berriaren arabera, hizkuntza politika eskumen partekatua da. Horrek erran nahi du Estatua eta lurralde kolektibitate bakoitzak baduela eskumenaren zati bat, bere eskumenen baitan. Euskal Elkargoak hizkuntza politika bat definitzen ahalko luke bere baliabide eta eskumenen baitan, eta horrela harri bat gehiago pausa dezake  euskararen normalizazioaren eraikuntzan.

Horrez gain, lurralde erreforma berriak lurralde erakundeak politika publiko jakin baten kudeatzeko hitzarmenak egitera bultzatzen ditu. Horrek erran nahi du, Estatua, lurralde kolektibitateak eta Euskal Elkargoa mahai-inguru batean bilduko litezkeela, hizkuntza politikaren obratzeaz mintzatzeko eta bakoitzaren rola definitzeko. Euskararen Erakunde Publikoak hitzarmen koadroa osa lezake dudarik gabe, orain arteko esperientzia kontuan hartuta. Orduko, Ipar Euskal Herria instituzio bakar batean bilduko denez, pisu gehiago ukanen du hitzarmen koadro horretan.

Pisu gehiagoren hartzeko legitimitate osoa luke funtsean, jakinez euskararen lurraldea dela, Estatua eta beste lurralde erakundeak ez bezala. Hari horri tiratuz, baliteke zer asma: zergatik ez euskara lurralde hizkuntza gisa izendatu Euskal Elkargoan?  Euskararen ofizialtasuna Parisetik itxoin gabe, aukera legoke Euskal Elkargotik gauzak aitzinatzen hasteko, hasieratik euskarri bere lekua aitortuz. Bestela ez legoke Euskal Elkargorik, Xalbadorren teoriari jarraikiz. 

Hala definituko balitz,  Euskal Elkargoak hizkuntza politika bakarra definituko luke bere eremu osoan, zoru komuna finkatuz. Horrek ez du kentzen zonalde bakoitza bere erritmoan joaiten ahalko dela eta Herriko Etxe ala lurralde batzuk haratago joaiten ahalko direla.

Dena dela, erran gabe doa aldaketa instituzional hau euskararen aldeko pauso ausartak hartzeko parada dela, euskaldunei euskaraz bizitzeko aukera eskaintzeko gisan.