Iurre BIDEGAIN

"Bi Nafarroak" elkartu eta etorkizunari begira jarri dira Baigorrin

Urriaren 25ean Baigorrin antolatu zuten "Bi Nafarroen XII. mintegiak" euskal diasporaren gaia jorratu zuen. Parte hartzaileen artean Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria presente zen. Azken horrek elkarlanaren garrantzia nabarmentzeaz gain, gaurkotasunezko gaiari buruzko iritzia eskani zuen: elkargo bakarra.

Uxue Barkosek Baigorriko Herriko Etxeak eskainitako oparia jaso zuen mintegian. ©Isabelle Miquelestorena
Uxue Barkosek Baigorriko Herriko Etxeak eskainitako oparia jaso zuen mintegian. ©Isabelle Miquelestorena

Mintegia 2005az geroztik antolatzen dute. Ekimenaren aitzindaria Pierre Bidart irakaslea izan zen. Mugazgaindiko harremanak hobetzeko xedez Nafarroako Gobernua eta Nafarroa Zaharraren Adiskideen elkartearekin desmartxa abiatu zuen. Xedea? Nafarroako hautetsien harremana mantendu eta "haratago joan", Antton Curutcharry Etxauzia elkarteko idazkariak azaldu duenez. Geroztik, urtero antolatzen duten mintegiak lurralde bakoitzean burutzen diren ikerketen berri ematen du.

Aurtengo edizioan, Baigorrik diasporari buruzko mintzaldiak antolatu ditu. Sagrario Anautek "Nafarroa: emigrazio lurraldea" izan du aipagai  eta Argitxu Camus-Etxekoparrek "Euskaldunen kapilauak Estatu Batuetan".

Uxue Barkos Nafarroako presidentea, Max Brisson Pirinio Atlantikoetako lehendakariordea, Jean-Michel Coscarat Baigorriko auzapeza, Antton Curutcharry eta Louis Gentien Nafarroa Zaharraren Adiskideen elkarteko lehendakariak ekitaldi instituzionalean parte hartu zuten.

Auzapezak bi Nafarrek elkarrekin lan egiteko dituzten tresnak gogora ekarri zituen; horien artean euskara. "Euskarak ez du mugarik eta elkarren arteko zubiak eraikitzeko baliagarria da", azaldu zuen. Baxe Nafarroako herritik diasporaren aldeko zubiak eraikitzen dituztela nabarmendu zuen. Hain zuzen, Etxauzia elkartearen xede nagusia da.

Curutcharryk Etxauzia gaztelua erosteko egitasmoa aurkeztu zuen. "Etxauzia denei eta denentzat irekia izanen da. Nafarroaren historia ulertzeko gunea izanen da. Pedagogia hori baitezpadakoa iruditzen zaigu", erantsi zuen. Ildo horretatik, hautetsi eta euskaldun orori proiektua "finantzatzeko eta promozionatzeko" deia luzatu zien.

Mugazgaindiko elkarlana

Max Brissonek Pirinio Atlantikoa eta Nafarroaren arteko lankidetza "indartua eta zehatza" dela azpimarratu du. Gaur egun martxan dauden egitasmoen berri eman zuen, hala nola "Pirineos", "Poctefa" eta "Ederbidea", besteak beste. Proiektu horiek garatzen segitzeko garrantzia nabarmendu zuen Barkosek.

Lehendakariak herri tipietako aktibitatea eta populakuntza bizirik mantentzeko beharra azpimarratu zuen. "Ahal dugun guztia egin behar dugu etorkizunean baldintza hoberenak izan ditzaten", gehitu zuen. Horretarako, aktibitate ekonomikoa, laborantza eta produktuen eraldaketa ahalbidetuko duten politikak sustatzeko beharra nabarmendu zuen.

Uxue Barkosek bisita baliatu zuen elkargo bakarrari buruzko iritzia plazaratzeko. Iruñetik instituzionalizazio berria "poz handiarekin" begiratzen dutela aitortu du. "Admnistratiboki historia onartzen da. Gainera, aukera berri bat ematen diote historiari geroari begira", aipatu du.