Kazeta

AHTa diruztatzeari uko egin dio Alain Roussetek

Akitania Berriko eskualdeko kontseiluan Alain Rousset presidenteak AHTari 5,6 milioi euro bideratzeko erabakia bertan behera utzi du. Europa-Ekologia-Berdeak alderdiaren aburuz erabakia "garaipen" bat da.

Eztabaida hasieran aurrekontuaren bozketa bertan behera utzi zuten urriaren 24ean. © DR
Eztabaida hasieran aurrekontuaren bozketa bertan behera utzi zuten urriaren 24ean. © DR

Urriaren 24ean iragan den Akitania Handiko eskualdeko kontseiluan, hautetsiek AHTa diruztatzea bozkatu behar zuten. Hain zuzen, hego-mendebaleko trenbide egitasmoa finantzatzeko 5,6 milioi euroko aurrekontua bozkatu behar zuten. Bozketa aintzin Europa Ekologia Berdeak (EELV) aurrekontua baztertzeko deia luzatu dute. Azkenean, Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak AHTa diruztatzeko proposamena bertan behera uztea deliberatu du.

Jean Lissar EELVko eskualdeko idazkariaren iritziz, erabakia "garaipen" bat da. Oroitarazi behar da, iazko abenduan iragan ziren eskualdeko hauteskundeetan ekologistek akordio bat hitzartu zutela Roussetekin. Hain zuzen, AHTaren finantziamendua ezeztatzeak zuen akordioa ahalbidetu.

EELV alderdiak eskualdeko hautetsiei beto eskubidea erabiltzeko deia luzatu zien agiri baten bidez urriaren 23an. Lissarren ustez, AHT diruztatzeko aurrekontua bozkan ezartzea abenduko akordioari bizkarra ematen dion sozialisten "maniobra" bat izan da.

Agirian, EELVk AHTren obren hasiera burutzeko "finantzamendu seriosik ez" dagoela nabarmendu du. Gainera, alderdiak "gaur egungo tren ibilbideak berritzea eta modernizatzearen" aldeko apustua egiten duela oroitarazi du. Europa Ekologia Berdea alderdiak erne egonen dela zehaztu du. Badaki AHTari dagokionez PSF-eko kideekin iritzi kontrajarriak dituztela.