Bertsularien Lagunak

Xilaba: Aiziritzen emazteak kantuan

Xilabako hirugarren finalerdia Aiziritzen jokatu zen urriaren 22an. Saioan Amets Arzallusek Sustrai Colinaren ordez aritu zen eta horrek zuen lehen postua eskuratu. Maddalen Arzallus izan zen bigarren eta Miren Artetxe hirugarren.

Ondoko hitzordua Larresoron iraganen da urriaren 29an arratsaldeko 17.00etan.
Ondoko hitzordua Larresoron iraganen da urriaren 29an arratsaldeko 17.00etan.

Lehen agurrean izan zituen Miren Artetxek Aña Debrua eta Marie Hargain bertsulariak aipagai besteak beste, emazteen indarra saiorako lagun izanen zuela erranez. Hain zuzen ere, harekin batean, beste hiru emazte ziren kantari Aiziritzen, Maddalen Arzallus, Nahia Sasco eta Maddi Sarasua. Oholtza gainean kantulagun izan zituzten Egoitz Zelaia, eta Sustrai Colinaren ordez kantatu zuen Amets Arzallusek, lehena aita izan berri zelako goiz hartan.

Bertsulariek finalaurrekoetako lehen itzulian baino ariketa klasikoagoak dituzte bigarren itzuli horretan. Zortziko handian, Maddalen eta Miren eskoletako eraso terroristen kontrako segurtasun planetaz kantuan ari izan ziren, ziurtasuna erosiz askatasuna saltzen zela azpimarratzen zutela.

Zortziko tipian Nahia eta Maddi, interneten gezurrezko argazkiak ezarrita etxea alokatzen zuen jabe eta egoiliarraren errolan eman ziren, 5 pertsonentzat logela bakarra izanki, haurrek elkar bizitza ere ikasiko zutela ohartarazten zutela. 10eko ttipian, Maddalen eta Egoitz Amikuzeko bi hautetsi ziren, eta Helep etorri aitzin beren elkargoko dirua xahutu ala ez, eztabaidan ari izan ziren. Gero jasotzeko lehenik eman behar dela kantatu zuen batek, besteak dena hiriburuetara ez ote den joanen zuela beldurra. Kartzelan entzun ziren saioko bertsoaldirik politenak, puntu erantzunetan ikastolako lehen nota txarra gogorarazia zitzaienean adibidez. Ondotik, eguna bukatu eta kanapean etzanik beren momentua goxatzen ari zirela jarri ziren kantari, banan bana. Ametsek orduan, saio gora beheratsua osatu zuen bertsulari baten ahotik kantatu zuen, lehenago izan zuen gai bati erreferentzia eginez, telebistarik gabe bizi nahian, bere hautu erradikalak memento horretan madarikatzen zituela.

Azken agurrak entzun eta, Pettan Prebende gai emaileak eman zuen epaileen erabakiaren berri, hona zein izan zen:

1. Amets Arzallus, 421.50

2. Maddalen Arzallus, 396.50

3. Miren Artetxe, 376.50

4. Nahia Sasco, 372.00

5. Maddi Sarasua, 367.50

6. Egoitz Zelaia, 363.00

Ondoko hitzordua emanez bukatu zen saio, Larresoron urriaren 29an arratsaldeko 17.00etan jokatuko den saioa gogoratuz. Zabalik elkarteak eta Amikuzeko ikastolak eskaini talo goxoak janez segitu zuten gaualdia bertsuzaleek, herriko gelan berean.

Hantxet, Gabadiko eskolako haurrek Baxe Nabarreko Euskararen urtaroari Bertsularien Lagunak elkarteak antolatu bertsu tailerrak direla medio, beren andereñoarekin gelan prestatu erakusketa polita zen ikusgai. Marrazkien bidez, Mattin bertsulariaren biografiako elementuak, Xilabako parte hartzaileen karikaturak eta 2zio taldearen rap baten ilustrazioa ziren irudikatuak, bertsularitza lehen, egun eta bihar gaitzat hartuta. Zorionak haurrei irudi eder horiek sorturik!