Kazeta

SNCFk Lan auzitegiaren erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu du

Baionako Lan auzitegiak SNCF enpresa kondenatuz, lana uzteko eskubidea erabaki zuten gidariei arrazoia eman zien urriaren 18an. Enpresak Lan auzitegiak hartu erabakiaren kontra helegite bat aurkeztu du.

Baionako Lan auzitegiak SNCF enpresa kondenatu zuen urriaren 18an. © Gaizka IROZ
Baionako Lan auzitegiak SNCF enpresa kondenatu zuen urriaren 18an. © Gaizka IROZ

Iragan urtean X73500 modeloko trenak gidatzea ukatu zuten gidariei arrazoia eman zien Baionako Lan auzitegiak urriaren 18an. Justiziak lana uzteko eskubidea aitortu die eta bide beretik SNCF enpresa kondenatu du. Enpresak erabakiaren kontrako helegite bat aurkeztu zuela iragarri zuen urriaren 19an.

SNCFek hartu erabakiak Julien Delion, mobilizatu zen tren gidarietako bat, harritu du. Hain zuzen, hiru izan ziren enpresaren kontra salaketa bat jarri zutenak. Langileek segurtasun arazoak salatuz trenak gidatzea ukatu zuten eta Lan auzitegiak beren alde jo du.

"Pentsatzen genuen Bresteko prokuradorearen erabakia itxoinen zuela guri lotu aferan helegite bat aurkezteko", azaldu du Delionek. Hain zuzen, tren modelo horiek ez ziren bakarrik seinalerik gabe gelditu Ipar Euskal Herrian.

Bresteko delituen auzitegiak burdinbide trebesagune batean zendu zen auto gidariari buruzko erabakia hartu zuen urriaren 20ean. 2006ko istripuan zendu zen Alla Caroffen familia eta SNCFen arteko epaiketari buruzko deliberoa azaldu zuen. Auzitegiak enpresa 200.000 euroko isuna jartzea erabaki zuen. Horrez gain, 125.000 euroko kalte ordainak pagatu beharko ditu nahi gabeko giza hilketagatik.