Kazeta

Calaisko kanpalekua husten hasi dira

Gobernu frantsesa Calaisko kanpalekua husten hasi da urriaren 24ean. Bertan dauden migratzaile eta errefuxiatuak Estatu frantseseko 450 zentroetara bideratuko dituzte. Sailkapena egiteko gune berezira ailegatzen hasi dira goizean-goizetik.

Gaur egun 7.000 errefuxiatu inguru zeuden Calaisko akanpalekuan. ©Barne Ministeritza
Gaur egun 7.000 errefuxiatu inguru zeuden Calaisko akanpalekuan. ©Barne Ministeritza

Gobernu frantsesaren manuz Calaisko kanpalekua edo "oihana" bezala ezagutua den gunea husten hasi dira urriaren 24ean.  7.000 migratzaile eta errefuxiatu inguru bizi dira bertan Erresuma Batura pasatzeko esperantzarekin. Gobernuak kanpalekua hustu eta Estatu frantseseko 450 zentrotara bideratu nahi ditu.

Goizeko 06.00az geroztik, migratzaile eta errefuxiatuak hustea antolatzeko ezarri duten sailkapen gunera ailegatzen hasi dira. Autobus bidez zentro ezberdinetara eremanen dituzte.

Gobernuak urriaren 24ean Calaistik 60 autobus ateratzea aurreikusi du; bakoitzean 50 errefuxiatu sartuko dira. Desmartxa berdina segituko dute heldu diren egunetan. Hain zuzen, asteartean 45 autobus atera beharko lirateke eta etzi beste 40.

 

Calaisko "oihanean" dauden askok bertan edo inguruetan egoteko asmoa azaldu dute. Gunean lan egiten duten elkarteen aburuz husteak egoera okertzea baizik ez du eragingo. 2.000 polizi bertaratu dituzte segurtasunaz arduratzeko, eta batez ere migratzaileak akanpalekuan berriz instalatu ez daitezen bermatzeko. Pierre-Henry Brande Barne Ministeritzako bozeramaileak esplikatu duenez, ez dute indarkeria erabiltzeko asmorik.

Oroitarazi behar da, Urruñak Calaistik ekarri 75 errefuxiatu errezibitu behar zituela, Pirinio Atlantikoetako prefekturak aurreikusi bezala. Azkenean, egitasmoa ez da aurrera atera arazo tekniko eta ekonomikoengatik.