Kazeta

CGTk elkargo bakarrak langileen baldintzak okertzea beldur du

CGT sindikatuak Notre legearekiko duen jarrera kritikoa berretsi du. Araudiaren aplikazioak ekarriko duen elkargo bakarraren ondorioetaz beldur da. Horien artean, lan baldintzen okertzeaz, besteak beste.

. © Bob EDME
. © Bob EDME

CGTk elkargo bakarrari buruzko iritzia plazaratu du. Oroitarazi behar da egituraketa berria heldu den urtarrilaren 1ean plantan ezarriko dela. Sindikatuaren aburuz, "gastu publikoa murriztea" xede duen legea da. Horrek, Denis Dartigoueyte CGTko idazkariak azaldu duenez, "zerbitzu publikoaren okertzea" eragingo du.

"Hurbileko eta kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzea", eta "langile publikoen baldintzen defentsa" sindikatuarentzat lehentasunezkoa direla nabarmendu du. Idazkariak elkargo bakarrarekin tokiko erakundeetako langile eta funtzionarioak "arranguratuak" direla esplikatu du.

"Elkargo bakarra plantan ezarri baino egun batzuk lehenago, langileen gaia ez dakigu nola kudeatua izanen den. Zein aldaketa agertuko diren beren funtzioetan, lortutako eskubideak eta estatusa errespetatuko dituzten edo ez. Halaber, administrazio eta giza baliabideen funtzionamendua ere ezezaguna zaiela", gehitu du.

CGTk estatus publikoari lotutako gaiak Estatu frantses osoan gisa berdinean kudeatuak izatea aldarrikatu du. Horri esker, "neutraltasuna" bermatuko litzateke. Halaber, elkargo bakarraren eraginez, soldata eta lan baldintzetan aldaketak egiten badituzte, langileen aldeko neurrira egokitzea eskatu du.

Informaziorik jaso ez dutela deitoratu ondoan, sindikatuak bilkura bat galdeginen dio elkargo bakarraren Gidaritza Batzordeari azken honek langileen etorkizunaz argibideak eman ditzan.