Iurre BIDEGAIN

Militante korsikarrak gose greban bi presoen hurbilketa aldarrikatzeko

Urriaren 15az geroztik Ghjuventù Indipendentista ikasle mugimendu korsikarraren hamar bat militante gose greban daude. Mobilizazioaren bidez Parisen kartzelatuak diren Nicolas Battini eta Stéphane Tomasini Korsikara hurbilduak izan daitezen aldarrikatzen dute. Sostengua helarazteko elkarretaratzea burutu zuten urriaren 19an Ziburun.

Ziburun elkartasunez elkarretaratzea antolatu zuten urriaren 19an.
Ziburun elkartasunez elkarretaratzea antolatu zuten urriaren 19an.

Badira sei egun Ghjuventù Indipendentista mugimenduko hamar bat militante gose greban daudela Sainte-Croix herriko elizan. Mobilizazioaren bitartez bost eta zortzi urte bitarteko kartzela zigorrak bete behar dituzten bi preso korsikarrak hurbilduak izan daitezen aldarrikatzen dute. Hain zuzen, Nicolas Battini eta Stéphane Tomasini Pariseko kartzelan daude. Gose greban dauden militanteei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea antolatu zuten urriaren 19an Ziburuko plazan.

Iragan urriaren 6an Pariseko asisetako auzitegiak Nicolas Battini, Stéphane Tomasini eta Joseph-Marie Verdi kondenatu zituen; zortzi, bost eta sei urteko espetxe zigorrrak ezarri zizkien, hurrenez-hurren. 2012ko apirilaren 1ean Corteko suprefeturaren kontrako atentatu batean parte hartzea leporatzen diete.

Battini eta Tomasini Parise inguruko kartzelan daude. Verdi, ordea, ihesean zegoen. 2013az geroztik bere kontrako euroagindu bat zeukan. Ghjuventù Indipendentista taldeko militante batek azaldu duenez, Verdik bere kabuz, komisalde batean aurkezteko erabakia hartu zuen 2015eko urriaren 19an.

Hurbilketari buruzko zurrumurruak

Korsikako hiru ikasle sindikatuek antolaturik, hots, Ghjuventù Indipendentista, Ghjuventù Paolina, Cunsulta di a Ghjuventù Corsa, manifestazio bat iragan zen Bastian urriaren 15ean. Mobilizazioaren xedea kondenatu berriz zituzten hiru gazteei elkartasuna adieraztea zen. Bide beretik, preso korsikarren dispertsioaren bukaera eta amnistia aldarrikatu zuten.

Ioritz Larrasak Ghjuventù Indipendentistako kideak esplikatu duenez, manifestazioa eta gero mobilizazioarekin segitzea erabaki zuten. Ildo horretatik, gose greba abiatzea erabaki zuten. "Nicolas Battini eta Stéphane Tomasiniren hurbilketa exijitzen dugu", erantsi du. Geroztik, hainbat herritar eta politikarien sostengua jaso dutela aitortu du. 

Korsikako hainbat komunikabideek plazaratu dutenez, bi presoen hurbilketa "berehalakoan" gerta liteke. "Zurrumurruak entzuten dira bai Korsikan, baita Parisen ere. Baina, guk argi dugu: mobilizatuak egonen gara bi presoak Korsikan egon arte", nabarmendu du Larrasak.