Kazeta

Duela bost urte baino preso gehiago gaixorik dagoela salatu du Sarek

Aieteko Adierazpenaren 5. urtemugaren karietara Sarek euskal presoen egoera okerragoa dela azaldu du. Horretarako, datu adierazgarriak plazaratu ditu. Hala nola, gaur egun preso gehiago gaixorik dagoela: zazpi ziren 2011n eta gaur egun hamar dira.

Sarek urriaren 15ean Donostian antolatu manifestazioaren irudia. ©Argazki Press
Sarek urriaren 15ean Donostian antolatu manifestazioaren irudia. ©Argazki Press

Sarek bere kezka azaldu du urriaren 18an antolatu agerraldian. Aieteko Adierazpenaren eta ETAk borroka armatua etetearen erabakiaren 5. urtemugaren karietara datu adierazgarriak plazaratu ditu. Horiek euskal presoen egoera okertu dela adierazten dute.

Joseba Azkarragak eta Ixiar Arteagak aipatu dutenez, 2011n gaixotasun larriak zituzten presoak zazpi ziren (zeuden 665etatik %1,1 beraz). Bost urte beranduago aldiz hamar dira (360tik %2,8). Horietako bat, hots, Ibon Fernandez Iradi Estatu frantsesean preso da. Oroitarazi behar da heldu den azaroaren 24ean bere kondena eteten duen aztertuko duela Dei Auzitegiak. 

Sakabanaketari dagokionez, %98,8 etxetik urrun zegoen orduan, zortzi bakarrik zeuden Euskal Herriko kartzeletan. Gaur egun, %99,17a dago sakabanatua; hiru soilik Euskal Herrian daude. Espetxeratuen kopurua ia erdira jaitsi den arren, bitxia da ia espetxe kopuru berdinean sakabanaturik direla (71 ziren 2011ean eta 70 gaur egun). Bere kideengandik ere bakartuagoak dira orain: %1,8tik %6,1era pasa da ehunekoa.

Engaiamendua garatu

2011ko urrian 70 (%10,5) euskal presori kaleratzea ekiditeko salbuespenezko doktrina bat ezarri zitzaiela oroitarazi dute. "Egun, bost urte geroago, 48 (%13,3) euskal presori eragiten die Estatu frantsesean betetako zigorraren batuketa ez onartzeko erabakiak; horietatik 7k, jada kalean izan behar lukete", esplikatu dute.

"Bost urte geroago, Euskal Presoen Kolektiboaren eskubideak urratuak dira, ETAk bere ekinbide armatua uztea erabaki aurretik baino bortizkiago gainera", esan dute Azkarragak eta Arteagak. Alderdi eta erakundeak ere engaiatu nahi dituela azpimarratu du Sarek erantzukizuna ez baita soilik Gobernuena. "Entzuten eta sentitzen jarraituko gaituzte", erantsi dute.