Kazeta

Arazo elektriko batek zuen sua piztu Canopia hondakindegian

Canopia hondakindegiko sutearen jatorria arazo elektriko bat izan zela ondorioztatu dute ikerketek. Eremua konpontzeko obrak 2018ko lehen hiruhilabetekora arte luzatuko dira, Bil Ta Garbi sindikatuak azaldu duenez.

Baionako Canopia hondakin tratamenduko gunea kiskali egin zen. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Baionako Canopia hondakin tratamenduko gunea kiskali egin zen. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Iragan irailaren 16an Canopia hondakindegiko balioztatzeko gune batean sua piztu zen. Eremuko 1.500 metro karratu erre ziren. Orain arte sutearen jatorria ezezaguna zen, baina Bil Ta Garbi sindikatuak aipatu duenez, urriaren 6an burutu ikerketaren arabera jatorria arazo elektriko bat izan zen.

Sindikatuak azaldu duenez, sua "konpostatzeko tunelen gibelean dagoen sala tekniko batean" piztu zen. "Aireztatzeko hodietatik ondoan dauden bi eraikinera oso azkar hedatu zen", erantsi du. Sua dela eta, etxeko hondakinen sailkatze mekanikoa kokatzen zen eraikina "guztiz" berreraikitzeko dagoela erantsi du.

Sutearen eraginak kontutan hartuz, Bil Ta Garbik lanak 2018ko lehen hiruhilabetekora arte luzatuko direla esplikatu du. Tarte horretan, Canopia hondakindegiko beste aktibitateak mantenduko dituzte. Hots, hondakinen bilketa selektiboa eta egurren lekualdaketa.