Kazeta

SNCF enpresa kondenatu du Baionako Lan auzitegiak

Baionako Lan auzitegiak arrazoia eman die lana uzteko eskubidea erabiliz SNCFen kontra salaketa aurkeztu zuten hiru gidariei. Azken horiek behin baino gehiagotan seinalerik gabe gelditu zen tren mota bat gidatzea ukatu zuten, segurtasun arazoak direla eta.

CGTko sindikalistek SNCFen kontrako salaketa aurkeztu zuten Baionan. ©Isabelle Miquelestorena
CGTko sindikalistek SNCFen kontrako salaketa aurkeztu zuten Baionan. ©Isabelle Miquelestorena

Iragan urtean behin baino gehiagotan X73500 modeloko trenak seinalerik gabe gelditu ziren. Istripuen eraginez, tren gidariek greba mugimendua eta mobilizazioak burutu zituzten. Hiru gidarik tren mota horiek gidatzea ukatu zuten eta enpresak zigortu zituen. Gidariek enpresaren kontra salaketa ezarri eta Baionako Lan auzitegiak arrazoia eman die urriaren 18an.

Lan Kodearen 4131-1 artikuluari oinarrituz, Baionako Lan auzitegiak lana uzteko eskubidea aitortu die hiru tren gidariei. Alde batetik, langileen kontra hartu isunak bertan behera utzi dituzte. Bestalde, langileen soldatetatik atxiki kopurua berriz itzultzea agindu dio enpresari. Azkenik, langile bakoitzari 1.000 euro emango beharko dizkio kalte ordainengatik. Halaber, epaileek prozeduraren gastuak SNCFek ordaintzea galdegin dute.

Julien Delionen aburuz, salaketa aurkeztu zuen hiruetariko bat, Lan auzitegiaren erabakia "garaipen bat da langileentzat, baita Lan Kodearentzat ere". "Gure eskubidea aitortu digute", erantsi du. SNCFek hilabete bateko epea du helegitea aurkezteko.

Aurrekariak

Iragan urteko urtarrilaren 11n tren bat "zazpi aldiz hamaika kilometrotan" seinalerik gabe gelditu zen, langileek azaldu zutenez. Segurtasun arazoak salatzeko langileek mobilizazioak burutu zituzten. Abuztuaren 21 eta 22an gidarien %92a grebari lotu zen. Enpresak, garaian, bere egitura defendatu zuen arazoa kutsadura zehatz batengatik gertatu zela argudiatuz.

Orotara, iragan urtean gisa bereko lau istripu salatu zituzten SNCFeko gidariek. Azkena, abenduaren 2an gertatu zen Lescar eta Paue artean.