Kazeta

Elkarte batek Etxarriko AFMR zentroko salmenta ezeztatu nahi du

AFMR formakuntza zentroko ikasle eta langile ohiak mobilizatuak segitzen dute. Dituzten helburuetara ailegatzeko elkartea legeztatzea erabaki dute. Gainera, eskaera bat zabaldu du hautetsi batzuen jokamoldea salatu eta mobilizazioaren garrantzia nabarmentzeko.

Donapaleun irailean antolatu manifestazioaren irudia. ©Aurore LUCAS
Donapaleun irailean antolatu manifestazioaren irudia. ©Aurore LUCAS

AFMR formakuntza zentroak Etxarriko eraikina Saint-Pie X anaidiari saldu dio. Formakuntza zentroko ikasle ohien talde batek elkarte bat eratu eta legeztatu du salmentaren kontra aritzeko. Etxarri kolektiboak eskaera bat paperez eta Internet bidez zabaldu du salmentari buruzko informazioa zabaltzeko eta batez ere hautetsi batzuk izan duten jokamolde "deitoragarria" salatzeko. Isabelle Marco Etxarri kolektiboko lehendakariak azaldu duenez, mementoz 900 izenpetura lortu ditu.

Etxarriko AFMR formakuntza zentroaren salmentaren kontra jotzen duen ikasle ohien taldeak aitzin pausu bat ematea erabaki du. Hain zuzen, bere helburuetara modu eraginkorrean heltzeko elkartea legeztatzea erabaki du.

Agiri baten bidez azaldu duenez, salmenta bertan behera geldi dadin lortzea dute xede. Bere aburuz, salmenta "eskandalagarria" eta "bidegabea" da, batez ere zentroa ondasun publikoa dela kontsideratzen duelako. Ildo horretatik, herritarrek ere erabakian beren hitza dutela uste du. "Horregatik, elkarteak zuzendaritza zentroaren kudeaketa, funtzionamendua eta salmenta ikertzeko engaiamendua hartu du", erantsi du.

Kolektiboak Akitania eskualdearekin harremanetan dagoela azaldu du. Gainera, arlo juridikoan sostengatuko duela nabarmendu du. Oroitarazi behar da iragan irailaren 10ean Donapaleun antolatu manifestazioaren bukaeran Alain Rousset Akitania Berriko lehendakaria ekimenaren antolatzaileekin bildu zela. Manifestariek lehendakariari oroitarazi zioten AFMR zentroak eskualdetik jaso diru laguntza. Azken honek Bathélemy Aguerrekin hitz eginen zuela erran zien.