Kazeta

Emilie Martinen kontrako euroagindua ezeztatu du Paueko auzitegiak

Euroagindua aztertu ondoren, Paueko auzitegiak Emilie Martin espainieratzea ezeztatu du. Gainera, bere kontrol judiziala bertan behera utzi du.

Emilie Martin, Paueko Auzitegian. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Emilie Martin, Paueko Auzitegian. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Paueko auzitegiak Estatu espainiarrak Emilie Martinen kontra aurkeztu euroagindua ezeztatu du urriaren 18an. Justizia espainiarrak Herrira elkartean militatzea, erakunde "terroristaren" kide izatea eta "terrorismoari" gorazarre egitea leporatzen dio. Paueko epaileek Martin espainiaratzea ezeztatzeaz gain, ezarria zioten kontrol judiziala bertan behera uztea erabaki dute.

Maritxu Paulus Basurco abokatuak Paueko epaileek euroagindua ezeztatzeko erabili dituzten hiru argudio nagusiak azaldu ditu. Alde batetik, leporatzen dizkioten karguen zehaztapenik eza eta errealitatearekin dagoen tartea azpimarratzen dute. Hau da, Emilie Martini Herrira elkarteko kide izatea leporatzen diote, elkartea legezkoa delarik Estatu frantsesean. Ildo beretik, Paueko epaileek oroitarazi dute Emilie Martinek Herriran burutu aktibitateek ez dutela Estatu frantsesaren arreta piztu, "segurtasun indar espainiarrek abisua emana zuten arren". Azkenik, justizia espainiarrak Martini leporatzen dizkion gertakariak lurralde frantsesean iragan direla nabarmendu dute.

Prokuradoreak auzi denboran adierazitakoaren haritik, abokatuak dio Martini leporatzen dizkioten ekintzen kokapena, datak, baita bere inplikazio maila ere zehaztugabeak direla. Ororen buru, agerian gelditu da Martini leporatzen zaizkion gertakariek ez dutela delitu zantzurik.

Bestalde, abokatuak zehaztu du euroagindua ezeztatzearekin batean epaileek ezarria zioten kontrol judiziala bertan behera utzi dutela. Estatu frantsesean Martinen aurkako prozedurak jarraipenik izango ez badu ere, besterik da ordea Estatu espainiarrean. Hau da, Estatu espainiarran atxilotua izateko arriskua izaten jarraitzen du.

"Oso pozik gara euroagindua ezeztatu dutelako, baina baita erabaki garrantzitsu bat delako Madrileko auziari begira ere", aipatu du Emilie Martinek. Bere aburuz, "erabaki baikorra da eta bake prozesuaren zentzuan doa". "Nire lana segituko dut, nire eguneroko bizia eta nire militantzia", erantsi du.

Halaber, berarekin batera auziperatu dituzten 46 lagunen auzia gogora ekarri du. Prozedura berean 2015ean abokatuak, presoen bitartekariak eta medikuak atxilotu zituztela nabarmendu du. Horien artean Arantxa Zuluetaren kasua azpimarratu du; gaur egun oraindik preso eta isolamenduan dagoen abokatua. "Espero dut Paueko epaileen erabakiak epaile espainiarrek gauza berdina egin dezaten lagunduko duela", erantsi du.

"Benetako garaipena Estatu espainiarrak auzia legez kanpokoa dela aitortuko duen eguneanhelduko da", azpimarratu du abokatuak.