Iurre BIDEGAIN

Emile Larre eta Teodoro Hernandorena omenduko dituzte Xalbador Egunean

Deiadar elkarteak urriaren 22 eta 23an Xalbador Eguna antolatuko du Urepelen. Aurtengo edizioak, Xalbadorrekin batera, Emile Larre eta Teodoro Hernandorena omenduko ditu. Euskal kulturaren alde egin zuten lana goraipatuko du.

 Kepa Junkera eta Sorginak taldeak lan berria aurkeztuko dute urriaren 22an.
Kepa Junkera eta Sorginak taldeak lan berria aurkeztuko dute urriaren 22an.

Deiadar elkarteak 2004tik Xalbador Eguna antolatzen du. Ekimenaren xedea euskal kulturaren "sustraiak eta nortasuna bizirik atxikitzea da", Annie Etcheverry Euskaltzaindiako kideak azaldu duenez. Ildo horretatik, urtero goraipatzen duten Xalbador bertsolariaz gain, aurtengo edizioak Emile Larre eta Teodoro Hernandorena omenduko ditu asteburuko egitarauaren bidez.

Elkarte antolatzaileak "ekarpen bat egin nahi dio euskal nortasunari". Erran bezala sustraiak bizirik mantendu nahi ditu, batez ere Xalbador "sustrai horietako parte handia delako". Aurten omenduko dituzten idazle eta kulturgileak "itzalean lan egin" zutela azpimarratu du Etcheverryk. "Ez dute hainbeste ospea Euskal Herrian eta ikaragarrizko lana egin zuten. Beren ekarpena handia izan zen", erantsi du.

Hernandorena "askok ezagutzen ez zutela" uste du Euskaltzaindiko kideak. Larren kasuan, apeza izan zelako ezagunagoa dela pentsatzen du. "Kultur mailan oso jende gutik ezagutzen dituen pertsonak dira", aipatu du.

Hain zuzen, Deiadarrek kultura eta euskararen alde Euskal Herri mailan, baita Ipar Euskal Herriko hiru hiriburuetan lan egin duten eragileak omentzen ditu. "Elkartea sortu zenetik, bagenekien zein pertsonaia itzalean zegoen eta zein ez. Poliki merezitako omenaldia eskaini diegu", kontatu du.

Kontzertu, ibilaldia eta hitzaldia

Ildo horretatik, asteburu "inarroslea" antolatuko dute urriaren 22 eta 23an Urepelen. Larunbatean Aldudeko antzerki taldearen emanaldiarekin hasiera emanen diote egitarauari. Egunean bertan, Kepa Junkera eta Sorginak taldeak lan berria aurkeztuko dute 21.00etan Urepeleko plazan.

Biharamunean, 09.00etan ibilaldi bat antolatuko dute Xalbadorren etxolara. "Memento hunkigarria" izan ohi dela oroitarazi du Etcheverryk. "Bide batez, parte hartzaileek Urepeleren ezagutza egiten ahalko dute", gehitu du.

Goizeko 11.15etan Jose Mari Iriondok omendutakoei buruzko hitzaldia eskainiko du. Eguerdian herri kirolen aldi izanen da, eta ondotik, bazkariak eta erromeriak euskal izpiritua bizirik mantendu nahi duen besta agurtuko dute.