Ximun LARRE eta Iurre BIDEGAIN

Bake prozesua

Aieteko Adierazpenaren bosgarren urtemugaren karietara, Frédérique Espagnac senatari sozialista, Anita Lopepe EH Baiko bozeramailea, Jean-René Etchegaray Baionako auzapeza eta Sylviane Alaux diputatu sozialistari ondoko galdera pausatu diegu: Bake prozesua aitzinatu da Aieteko Adierazpenaz geroztik?. 

Aieteko Adierazpena 2011ko urriaren 17an izenpetu zuten. © DR
Aieteko Adierazpena 2011ko urriaren 17an izenpetu zuten. © DR

Bost urte iragan dira, 2011ko urriaren 17an, nazioarteko ordezkari talde batek bost puntuko adierazpena plazaratu zuenetik, geroztik Aieteko Adierazpena deituko dena. Ipar eta Hego Euskal Herriko kolore anitzetako eragile sozial eta politikoek hitzarmena babesteaz gain, horrekiko engaiamendua erakutsi zuten. Adierazpeneko lehen puntuak ETAri borroka armatua bertan behera uztea galdetzen zion. Adierazpena plazaratu eta hiru egunetara, ETAk behin betiko su etena iragarri zuen. Gaur egun, bost puntuetatik bete den bakarra da.

Ekimenean parte hartu zutenen artean Frédérique Espagnac senatari sozialista, Anita Lopepe EH Baiko bozeramailea eta Jean-René Etchegaray Baionako auzapeza daude. Sylviane Alaux diputatu sozialistak, halaber, "Parisen Euskal Herriko bakearen alde" izenburua duen adierazpena babestu zuen. Aieteko Adierazpenaren bosgarren urtemugaren karietara, ondoko galdera pausatu diegu:

Bake prozesua aitzinatu da Aieteko Adierazpenaz geroztik?

 

Frédérique Espagnac, senatari sozialista: "Bake prozesua ez da aski aitzinatu eta poliki doa. Aitzinatu da egun batzuk beranduago ETAren adierazpenari esker; engaiamendu hori garrantzitsuena zen eta geroztik atxiki du. Prozesua martxan ezartzeko Ipar eta Hego Euskal Herrian bilkurak antolatu ziren. Geroztik, Baionako Adierazpena izenpetu zen. Lokarri eta Bake Bideak adierazpen hori publiko egin zuten. Horiek omendu behar dira.

Ondotik, garapen instituzionalaren gaia agertu da eta segurrenik horrek beste gai batzuk aitzinatzea oztopatu du, adibidez presoen gaia. Gauzak ondo badoaz, Ipar Euskal Herriko ezagupen instituzional berri  batera ailegatuko gara. Ez da denek nahi dugun estatus berezia, baina lehen etapa bat da. Aieteko garaian, 2011n, ez ginen egoera horretan.

Presoei dagokionez, gai minberena dela pentsatzen dut, batez ere badirudielako gauzak ez direla mugitzen, baina, alta, mugitzen dira. Elkarrizketak iragan dira eta ez dira publiko egin eta ez dira publiko egin beharrik ere. Burutu atxiloketa batzuk eta gero, horietako anitz askatu dituzte. Ortzaizeko operazioan, Parisera eramaten zituztela jakin nuenean, berriz ikusiko ez genituela pentsatu nuen; eta, hiru egun beranduago itzuli ziren. 2011 aitzin, pentsaezina zen.

Halaber, bake prozesua ofiziala bilakatu da. Gaur egun horretaz hitz egiten dugu eta gure gain hartu dugu, behintzat guk, hautetsiek. Estatuek onartzen ez badute, gizarte zibilak eta hautetsiek onartzen dugu. Lurraldea mobilizatu da. Bakoitzak bere harria ekarri du bake prozesua dagoela eta nahi dugula erakusteko. Beharrezkoa da Ipar eta Hego Euskal Herrian handitzen diren gazteentzat, horiek bakean bizi daitezen. Bake prozesua ezinbestekoa da, azkenean, Euskal Herriko historian garai bat gainditzeko".

 

Anita Lopepe, EH Baiko bozeramailea: "Bake prozesua bakerat eramanen gaituzten urrats ezberdinez osatua dela kontsideratzen bada, bai aitzinamenduak izan dira. Euskal Herrian berean, urrats handiak egin dira sentsibilitate ezberdinen artean bakearen beharra eta bake hori nola lor daitekeen adosteko. Urrats handiak egin dira ere gatazkaren ondorioen inguruan mobilizazio zabalak lortzeko. Zentzu horretan aitzinatu da.

Bake prozesuak gatazkaren bi aldeen borondatea bildu beharko duen heinean, maila horretan agerikoa da blokatze egoera ikaragarria dela. Egungo eta atzoko aktualitateak ere erakusten digu zein jarrera arduragabea dagoen Estatuen aldetik. Nire ustez, bakerat eramaten duen bidea ez da horretara mugatu behar, bereziki ezker abertzaleak hartu duen estrategia ez baita aitzina eramanen bakarrik Estatuen mugimenduen arabera. Euskal Herriaren aldeko indarrak ahal bezain bat bildu nahi dira. Egin dira urratsak nahiz eta oraindik badiren urratsak egiteko maila horretan".

 

Jean-René Etchegaray, Baionako auzapeza: "Aitzinamenduak agertu dira lehen puntuan. Aieteko Adierazpenean bost puntu zeuden, lehena ETAren su etenari buruzkoa zen. Ondoko puntua Estatu frantses eta espainiarraren ardurari buruzkoa zen; eta horrek ez du ondoriorik ekarri. Hain zuzen, euskal presoen hurbilketa eta gaixorik dauden presoen artatzea eta baita biktimen gaiari dagokionez ere, ez da emaitzarik agertu.

Ez da aitzinatu. Bake prozesuan eragileen parte hartzea beharrezkoa da. Ez baldin badago Estatuen aldetik jarrera eta borondate bat prozesuarekiko, ez da ezer lortuko".

Anaiz Funosas, Bake Bideko bozeramailea: "Bi bilakaera agerian utzi behar dira. Estatuen aldetik eman beharreko pausuak, elkarrizketaren bidetik, konponbideak atzemateko ez da inongo aitzinamendurik izan. Aieteko Adierazpenaz geroztik bi estatuek izan duten jarrera parekoa da. Hau da, ukatzea egun horretan markatu zen apustua eta memento historikoa. Ukatzea ere ETA erakundeak emandako pausuak eta horrek ireki dituen elkarrizketarako bidea. Egia da aste honetako gertakariek Estatuen jarrera adierazten dutela; erreferentzia egiten dut Parise aldean atzeman armategiari. Armagabetze hori modu ordenatu eta adostuan eman beharrean, beti bide polizialetik ari dira jorratzen.

Bestalde, bai, aitzinamenduak egon dira eta ikaragarriak dira. Bost urte hauetan konpondu beharreko gaietaz inoiz ez da hainbeste hitz egin. Ondorioen atalean nahiz eta adostasunak ez izan, gogo handia dago. Errango nuke gehiengo sozial eta politiko batek prozesu hori bururaino eraman nahi duela. Argi dena da armagabetzea ordenatua izan behar dela. Preso eta iheslarien etxeratzeari eutsi eta bide eman behar zaio. Berdin, biktimen aitorpenaren atalean.

Bi alde horiek badira. Alde batetik, Estatuek ez dutela deus egiten. Bestalde, Euskal Herrian jendarteak bultzaturik prozesu horri bide emateko gogoa dagoela. Bake bide ikuspegitik, inoiz ez da hain argia izan konponbidea lurralde honetatik eman behar dela. Ez da nahi bezala aitzinatu, ondorioei ez zaie biderik eman, baina baldintzak sortu dira bost urte hauetan Euskal Herritik aterabideak atzemateko eta bake prozesua adostasun zabaletik eraikitzeko".

Sylviane Alaux, diputatu sozialista: "Bake prozesua ez da aitzinatzen nahi bezain laster. Haatik, denek onartzen duten alde bat dago: ETAk borroka armatuari amaiera eman dio. Deitoratzen dut Parise eta Madrilek bizkarra ematea eta ez ulertzea jendarteak egiazko apustu bat egin duela. Beraz, bake prozesua ez da aitzinatzen edo guti, behintzat. Damutzen naiz, lurraldeak bortizkeriaren garaia gainditzeko beharra duelako. Deitoragarria atzematen dut Parise eta Madrilek eskakizun hori edo borondate hori ez entzutea. Memento batean denak elkartu beharko gara mahai baten inguruan guzi horretaz eztabaidatzeko".