Kazeta

Baionako postaren berrantolaketak arazoak eragiten ditu

Irailaren 20az geroztik, Baionako posta zerbitzuan antolaketa berri bat abiatu da. Berrantolaketak arazoak sortzen ditu: itzuli luzeegiak eta beranta gutunen banaketan.

Greba mugimendu luzea burutu dute Baionako postariek. © Bob EDME
Greba mugimendu luzea burutu dute Baionako postariek. © Bob EDME

La Poste enpresak Baionan plantan ezarri nahi zuen berrantolaketaren kontra, postariek 17 eguneko greba burutu zuten. Zuzendaritzak 43 banaketa itzulietatik 31ra pasatzea proposatu zien; azkenean 38 itzuli atxiki zituen. Berrantolaketa berria martxan da irailaren 20az geroztik.

Anne Camet CGTko ordezkariaren aburuz antolaketa berria oso azkar plantan eman dute: "zuzendaritzak irailaren 20ean abiatu nahi izan du, jakinik, oraindik ez zegoela prest". Presa horren eraginak laster agertu dira. "Bost itzuli kendu dituzten arren, lan zama asko emendatu da", azaldu du.

Zortzi itzulietan postariak ordu gehigarriak egitea behartuak dira. "Baina beste kasu batzuetan, postariak gutunak berriz itzultzen dituzte, ordu gehigarriak ez dizkietelako kontutan hartzen", erantsi du. Hori dela eta, banaketan beranta dago eta herritarren kexua geroz eta nabarmenagoa da. "Zuzendaritzak egun bateko beranta dagoela dio, baina itzuli batzuetan aste batekoa da", aipatu du ordezkariak.

Cametek zuzendaritzaren aterabideak nahikoak ez direla deitoratu du. "Greba berri bat abiatzea aztertzen ari gira", azpimarratu du.