Iurre BIDEGAIN

Azaroaren 24ean Ibon Fernandez Iradiren kondena eteten duen aztertuko du Dei Auzitegiak

Kasazio Auzitegiak Ibon Fernandez Iradi ez askatzeko Parisko Zigor Betearazte Epaitegiaren erabakia atzera bota ondoren, auzi berria azaroaren 24ean iraganen da. Egun batzuk lehenago, azaroaren 19an, Bagoazek Fernandez Iradi eta gaixorik dauden euskal presoen askatasuna aldarrikatuko duen manifestazioa antolatuko du Baionan "Gu gira giltza" lemapean.

Ibon Fernandez Iradi eta gaixorik dauden presoen aldeko manifestaldia antolatuko du Bagoazek azaroaren 19an. ©Bob EDME
Ibon Fernandez Iradi eta gaixorik dauden presoen aldeko manifestaldia antolatuko du Bagoazek azaroaren 19an. ©Bob EDME

Uda honetan, Kasazio Auzitegiak Ibon Fernandez Iradiren kondena bertan behera ez uzteko Parisko Zigor Betearazte Epaitegiak hartu zuen deliberoa bertan behera utzi zuen. Kasazio Auzitegiak Epaitegiari esklerosiz anizkoitza pairatzen duen presoaren askatasun eskaera berriro aztertzea agindu zion. Epaitegi berdina arduratuko den arren, epaileak ezberdinak izanen dira. Bagoaz eta Maritxu Paulus Basurco abokatuak auzia azaroaren 24ean iraganen dela iragarri dute.

Ibon Fernandez Iradiri esklerosiz anizkoitzaren lehen sintomak 2010ean agertu zitzaizkion, Emilie Martin Bagozeko bozeramaileak azaldu duenez. Hiru urte beranduago, kondena eteteko eskaera egin zuten. 2013 eta 2014an epaitegiak bidali bi medikuk presoaren osasun azterketa bana egin zuten, eta biek bere eritasuna kartzelaldiarekin bateraezina dela ondorioztatu zuten.

2014eko ekainaren 20ean Zigor BetearazteAuzitegia Fernandez Iradiren zigorra etetearen alde agertu zen. Haatik, bi baldintza gehitu zituen. Alde batetik, "Ibon Fernandez Iradik Frantzian bizitzeko duen debekua behin-behinean kedun behar zitzaiola eta debeku hori altxatu ondoan, Pirinioetako departamendutik kanpo bizi beharko zuela".

2014ko irailaren 25ean hirugarren osasun ikerketa bat egiteko agindua eman zuen epaileak. Azken horrek kartzela eta bere eritasuna bateragarriak direla ondorioztatu zuen. Urte bat beranduago, ekainaren 22an Kasazio Auzitegiak bere erabakia plazaratu zuen. Ororen buru, defentsak zigorra etetzeko duela hiru urte eta erdi lehen aldiz egin eskaera berriz aztertu beharko dute.

Bi mobilizazio, helburu bakarra

"Prozeduraren geldotasuna azpimarratu nahi dugu", nabarmendu du Martinek. Euskal Herriko gizarte zibila eta eragile politiko anitz bake prozesuaren alde agertu direla oroitarazi du kolektiboak. Azaroko auzian Fernandez Iradi preso atxikitzea ebazten badute , "oinarrizko eskakizun humanitarioen kontrako" erabakia litzatekeela aipatu du bozeramaileak. "Ibon berehala askatzea aldarrikatzen dugu", gehitu du.

Sarek urriaren 15ean Donostian antolatuko duen manifestazioan parte hartzeko deia luzatzeaz gain, mobilizazio berri bat iragarri dute. Azaroaren 19an Bagoazek "Gu gira giltza" lemapean manifestazio bat antolatuko du Baionan. Ekimenak Fernandez Iradiren askatasuna aldarrikatzeaz gain, gaixorik dauden presoak aske uztea fermuki eskatuko du. Mobilizazioa 17.00etan abiatuko da Euskaldunen plazatik.