Iurre BIDEGAIN

Aldudeko ibarrak ateak irekiko ditu lau egunez

Aldudeko ibarraren ate irekitzeak antolatuko ditu Aiba elkarteak urriaren 13tik 16ra. Elkartearen lan ildo berriak aipagai izanen dituzte aurtengo programazioan, hots, mugikortasuna, etxe hutsen balioa eta kanpoko pertsonen integrazioa.

Larunbatean ohikoa den kabalen lehiaketa antolatuko dute. ©Gaizka IROZ
Larunbatean ohikoa den kabalen lehiaketa antolatuko dute. ©Gaizka IROZ

Lau urte dira Aldudeko Ibarra Beti Aitzina (AIBA) elkarteak ibarraren geroari buruzko lan bat burutzen duela, "Aldudeko ibarra 2030ean" lemapean. Banka, Aldude eta Urepeleko herrien etorkizunaz hausnartzen duen lana da. Lurraldearen problematika kontutan hartuz hiru lan ildo nabarmendu ditu: etxe hutsen arazoa, mugikortasuna eta kanpoko jendeen integrazioa. Urriaren 13tik 16ra antolatuko dituen ate irekitzeetan elkarteak burutzen duen lanaren berri emanen du besta giroan.

AIBA elkartea gogoetagai dituen arazoei aterabide bat atzemateko lanean ari da. Maika Alfaro elkarteko kideak azaldu duenez, etxe hutsei dagokionez Estatu frantseseko erakunde eta departamenduarekin harremanetan jarri da hutsak diren etxe horiek berritzeko jaso ditzaketen diru laguntzei buruzko informazioa lortzeko; batez ere gazteentzat.

Mugikortasunaren arazoa konpontzeko elkarteak hainbat desmartxa plantan ezarriko ditu. Alde batetik, azarotik aitzina astean bi aldiz autobus bat ibiliko da Arrosatik Urepeleraino, Alfarok esplikatu duenez. Garraioa enpresen orduetan ibiliko litzateke langileek beren autoa har ez dezaten.

Bestalde, autoak herritarren artean partekatzeko ohitura sustatu nahi dute. Interneten sortuko duten plataformaren bidez auto partekatze horretan parte hartu nahiko dutenek izena eman dezakete. Gisa berean, Baigorri, Aldude, Banka, Urepeleko puntu zehatz batzuetan ere izena emateko parada eskainiko dute, egitasmoari buruzko informazioaz gain.


Mugikortasunaren desmartxa lantzeko AIBA elkarteak langile bat du. Lan ildoei buruzko informazio osoa urte bat eta erdiz argitaratuko duten kazetan azalduko dute. Alfarok azaldu duenez, lehen alea plazaratu dute eta bertan AIBAren lana aurkeztua da.

Halaber, Aldudeko ibarrera heldu direnen integrazioa lantzeko elkarteak hogeita hamar bat pertsonen lekukotasunak bildu ditu. "Orokorki biziki ongi bizi izan dutela kontatu dute. Haatik, batzuk zailtasunak dituzte eremu kalmeegia iruditzen zaielako edo bizi modu ezberdina delako. Animazioak eskas direla nabarmendu dute anitzek", azaldu du Alfarok.

Lau egunez, hamaika ekimen

Urriaren 13an "Herrian Laketu" lemapean iraganen den telebista emankizun parte hartzaileak hasiera emanen die ate irekitzeei. Kanaldudek saioa bere gunean zuzenean eskainiko du 19.00etatik aitzina.

Ostiraleko irekiera ofiziala eta gero, larunbatean kabalen lehiaketa antolatuko dute. Halaber, ofizialeen herrixka eta tokiko mozkinen merkatua bisitatzeko aukera eskainiko dute. Aurten, Xalbadorren omenez ibarreko kantariek emanaldi berezi batean parte hartuko dute. Azkenik, igandean, "Kintoa Kurri" ibilaldia eta lasterketa antolatu dituzte. Ondoren, lehen aldikoz bertsu saioa antolatu dute, Amets Arzallus eta Maialen Lujambiorekin, besteak beste.

Ate irekieren egitarau osoa hemen ikusgai.