Iurre BIDEGAIN

Xistroak, ekoizpenak etxaldetik saskira Internet saretik salduz

Hamabi laborarik osatu Xixtroak kolektiboak beren etxaldeko ekoizpenak Internet bidez salduko ditu. Astero, bezeroek Hazparne aldeko zazpi banaketa puntuetan beren saskiak bilduko dituzte.

Sei etxaldetako hamabi laborarik parte hartzen dute Xixtroak kolektiboan. ©Xixtroak
Sei etxaldetako hamabi laborarik parte hartzen dute Xixtroak kolektiboan. ©Xixtroak

Aspaldi, emazteak merkatuan saldu edo erostera asto batekin zoazen. Asto horren gainean saski bat eramaten zuten. Hazparne aldean saski horri "Xixtroa" deitzen zioten. Hamabi laborarik osatu kolektiboak izen hori hautatu du laborantza iraunkorraren aldeko baloreak ordezkatzeko: Xixtroak.

Bada bi urte Hazparne aldeko sei etxaldetako laborariak biltzen hasi zirela. Mizel Etxeberri Xixtroak kolektiboko kideak azaldu duenez, inguruko bezeroak tokiko produktuak erosteko kostalderaino joan behar zutela ohartu ziren. "Pentsatu genuen domaia zela gure mozkinen erosteko jendea mugitu behar izatea. Eskuragarritasuna landu nahi genuen tokiko kalitatezko produktuak hemen erosi ahal izateko", esplikatu du Etxeberrik.

Ildo horretatik, Xixtroak kolektiboa sortzea erabaki zuten Hazparne, Beskoitze, Kanbo, Aiherra eta Lekorne aldean sarea abiatzeko. Taldeak webgunearen bidez beren ekoizpenekin saski bat sortzeko parada eskaintzen du. Hain zuzen, bezeroak astelehenean produktuak hautatuko ditu. Xixtroak kolektiboak astean zehar Lekornen duen egoitzan saskiak prestatuko ditu. Ostiralean interesatuek banaketa puntu zehatz batzuetan erositakoa eskuratuko dute.

Zazpi banaketa gune

Urtean zehar 130 produktu ezberdin proposatuko dituztela zehaztu du Etxeberrik; sasoiaren araberakoak izanen dira. Horien artean, barazkiak, arrautzak, ahuntz eta ardi gasna, barazkiak, oilaskoak, haragi mota ezberdinak eta sagar jusa. Etxeberrik azaldu duenez, laborari gehienek kalitatezko desmartxetan parte hartzen dute. Hala nola, Laborantza Biologikoa, Idoki etxe araudia eta AOP sor-marka.

Egitasmo honen bidez etxaldeko mozkinen kontsumoa sustatu nahi du. Mementoan zazpi banaketa gune dituzte, baina etorkizunean ez dizkiote ateak hesten hedatzeari. "Kostaldean ere eskakizuna dugu. Bezeroak zer eskas edo zer nahi duenaren arabera proiektua garatuko dugu", nabarmendu du laborariak.

Proiektua martxan jartzeko laborariak mahai inguruan bildu ziren, "elkar ezagutzeko xedez". "Zailena webgunea martxan jartzea izan da; animaleko lana zen", azpimarratu du. Hamabi laborari horiek oztopoak gainditu dituzte, defendatzen dituzten baloreak bidelagun izanez: laborantza iraunkorraren defentsa.