Iurre BIDEGAIN

Donostei kolegioko ikasleak arbasoen arrastoa bilatzeko bidaian

Baigorriko Donostei kolegioko hamar ikaslek Estatu Batuetara bidaiatu zuten urriaren 7an. "Arbasoen Ildotik" deitu egitasmoari esker, gazteek bertara emigratu zuten euskaldunen testigantzak zuzenean ezagutuko dituzte. Bizipenak Kanaldurekin elkarlanean sortuko duten dokumental batean ezagutaraziko dituzte.


Arbasoen Ildotik proiektuko ikasleak. (Argazkia : Xantxo Lekunberry)
Arbasoen Ildotik proiektuko ikasleak. (Argazkia : Xantxo Lekunberry)

"Arbasoen Ildotik" egitasmoa 2013an abiatu zen. Xedea? Donostei kolegioko seigarren mailako ikasleak Estatu Batuetara bidaiatu eta euskaldunen arrastoak bilatzea. Geroztik, dirua lortzeko, hainbat ekimen antolatu dituzte; hala nola "crowfunding" kanpaina, antzerki, kantaldi... Azkenean, hamar ikasle horiek hegazkina hartuko zuten, barda, urriaren 7an.

Hasiera batean, antolatu "crowfundingak" 1.100 euro lortzeko helburua zuen, hau da, ikasle batentzat hegazkin txartel baten prezioa. Azkenean, 2.000 euro lortu zituzten. Xantxo Lekunberri euskara irakasleak diru bilketaren "arrakasta handia" azpimarratu du.

Urte hauetan dirua lortzeko aktibitateak antolatu eta, ostiralean Estatu Batuetara bidaiatuko zuten. Pauetik Parisera hegan egin ondoren, San Franciscora ailegatuko dira. Ondotik, Bakersfield, Los Angeles eta Reno bisitatuko dituzte, besteak beste.

"Euskaldunen familietan lo eginen dute. Horiek noizbait Estatu Batuetara emigratu zuten", azaldu du irakasleak. Bidaian zehar, bertako euskal etxeen lana ezagutzeaz gain, mahasti, behi eta ardi etxaldeak bisitatuko dituzte. "Ikasleek Euskal Herriko etxaldeekiko dituzten ezberdintasunak ezagutuko dituzte", erantsi du.

Kanalduderekin, elkarlanean

Euskara komunikatzeko baliabide gisa erabiliz, ikasleak emigrazioaren arrazoiak ezagutzeaz gain, bertako euskaldunen ikuspegiaz ohartuko dira. Emigratu ondoren, euskaldunek bertan eraiki duten bizia ezagutuko dute.

Elkar trukaketa hori dokumental baten bidez ezagutzera emanen dute. Hain zuzen, Lekunberrik aipatu duenez, ikasleek Kanaldude herri telebistaren kamera bat eramanen dute. "Kamera erabiltzen ikasi dute, beraz bidaia grabatuko dute, beren kabuz", aipatu du. Urria eta ekaina bitartean dokumentala ekoizteko lanean ibiliko dira. 

Egitasmoan "energia anitz" jarri duten arren, irakasleak etorkizunean gisa bereko beste proiektu bati ez dizkio ateak hesten. "Hego Amerika, adibidez, interesgarria litzateke", gehitu du irriz Lekunberrik.