Kazeta

Urruñak ez lituzke errefuxiatuak errezibituko

Iragan astean Pirinio Atlantikoetako zerbitzuek aterpe batzuk bisitatu zituzten Calaistik etorri 75 errefuxiatu errezibitzeko. Azkenean, egitasmoa ez litzateke burutuko arazo tekniko eta ekonomikoengatik.

Errefuxiatuen aldeko elkarretaratzea Baionan. © Nahia Garat
Errefuxiatuen aldeko elkarretaratzea Baionan. © Nahia Garat

Urruñak ez lituzke Calaistik etorri errefuxiatuak errezibituko, Sud Ouest egunkariak azaldu duenez. Nahiz eta Catherine Séguin Pirinio Atlantikoetako suprefetak egitasmoa baieztatu zuen, azkenean, arazo tekniko eta ekonomikoengatik ez litzateke gauzatuko. Haatik, prefekturak Mediabask atariari "aldaketarik ez" dagoela baieztatu dio. Hots, oraindik negoziazioetan dira.

Hasiera batean, La Poste enpresaren opor zentro batean 75 errefuxiatu aterpetu behar zituzten. Egonaldiak martxoaren 31a arte iraun behar zuen. Komunikabideak azaldu duenez, gunea ez litzateke egokia izanen helduak errezibitzeko. Hain zuzen, opor zentroko ohetegiak haurrak aterpetzeko prestatuak direnez, ez lirateke egokiak izango helduentzat, komunikabideak esplikatu duenez.

Gunearen logistaz gain, finantzamendu arazoak agertu lirateke. Estatu frantsesa ez litzateke prest egongo egunero eta pertsona bakoitzeko 32 eurokoak eskaintzeko. Horiek horrela, Calaisko errefuxiatuen gunea husteko egitasmoaren baitan, Gelosek (Biarnon) soilik errefuxiatuak errezibituko lituzke.