Kazeta

Lapurtarrak bilduak, Bertranden begiradapean

Uztaritzek Lapurtarren Biltzarreko edizio berri bat errezibitu zuen urriaren 2an. Aurtengo berezitasuna eguerdian proposatu zuten antzerkia izan zen; karrozen desfilearen ordez. Ikusgarrian, Bertrand Lapurdikoak ospakizunaren etorkizunari buruzko gogoeta mezu bat azaldu zuen.

Lapurtarren biltzarra urriaren 2an iragan zen Uztaritzen. ©Isabelle Miquelestorena
Lapurtarren biltzarra urriaren 2an iragan zen Uztaritzen. ©Isabelle Miquelestorena

Lapurtarren Biltzarraren 37. edizioa izan zen urriaren 2an, Lota jauregiko parke ikusgarrian. Egitarau aberatsa eta anitza izan zen egun osoan zehar, eta eguraldia lagun izan zuten bertaratu ziren guztiek. Belaunaldi guztietako lagunek hartu zuten parte jaialdian, ohi bezala Bertrand Lapurdikoaren begirada zorrotza lagun zutela, noski, Garako artikuluak azaldu duenez.

Lapurtarren Biltzarreko edizio honek antzerki emanaldi berri bat estreinatu du, eta egitarau zabala eskaini zien Uztaritzera gerturatu ziren guztiei. Gainera, tokiko artisten bozgorailu izateko xedea ere baduen ekimenean Tristtan Mourguy lohizundarrak disko berria aurkeztu, eta Little girl blues taldeak emanaldi polita eskaini zuen.