Bertsularien Lagunak

Xilaba txapelketaren bigarren kanporaketa urriaren 1ean Muskildin

Iragan irailaren 24ean Xilaba bertsolari txapelketaren lehen kanporaketa antolatu zuten Donibane Lohizunen. Amets Arzallus nagusitu zen. Heldu den urriaren 1ean Baxe Nafarroa, Lapurdi eta Xiberoko bigarren kanporaketa antolatuko dute Muskildin.

Xilabaren lehen kanporaketan, txapelketara itzuli den Amets Arzallus nagusitu zen.
 ©Bob EDME
Xilabaren lehen kanporaketan, txapelketara itzuli den Amets Arzallus nagusitu zen.
 ©Bob EDME

Irailaren 24ean Donibane Lohizunen abiatu zen Xilaba bertsolari txapelketa, datorren larunbatean urriaren 1ean iritsiko da Muskildira. Bertan jokatuko den bigarren kanporaketan Aitor Servier, Battitt Crouspeyre, Eneritz Zabaleta, Maddi Sarasua, Ortzi Idoate, eta Xumai Murua bertsolariak neurtuko dira. Xan Alkhat arituko da gai-emaile Muskildiko Posonpesenea gelan. Saioa 17:00etan hasiko da. Sarrerak bertan izanen dira salgai.

Parte hartuko duten bertsolariak:

Aitor Servier

Azkaindarra da eta 19 urte ditu. Donibane-Lohizuneko ikastolako bertsu-eskolan hasi zen 9 urterekin. Hendaiako eta Etxepareko bertsu-eskoletatik igaro ondotik, gaur egun Larraldeako bertsu-eskolan dabil. Eskolarteko txapelketan eta gazte sariketetan hainbat aldiz parte-hartu eta sari batzuk jaso ditu. Bigarren aldiz hartuko du parte Xilaba txapelketan.

Battitt Crouspeyre

1989ko Martxoaren 21an sortua. Baigorriarra. Bertsu munduan sartua 21 urtetan, Itsasuko bertsu eskolaren bidez. Lehen plaza ondoko urtean Itsasuko inauterietan. Hirugarren aldiz hartuko du parte Xilaba txapelketan.

Eneritz Zabaleta

Unibertsitateko irakaslea da. 11 urte zituela hasi zen bertsuzaletzen, eta geroztik, eskolarteko hainbat txapelketatan eta sariketatan parte hartu du. Lehen aldiz parte hartu zuen iragan Bertsolari Txapelketa Nagusian. Bosgarren aldiz parte hartuko du Xilaban.

Maddi Sarasua  

Ikaslea da. 11 urterekin hasi zen bertsu-eskolan, Uztaritzeko ikastolan. Baiona lizeoko bertsu-eskolan ibili zen, gaur egun Gasteizen da ikasketak egiten. 2012ko Xilaba txapelketan laugarren egin zuen, eta ondoren Txapelketa Nagusian lehen aldiz parte hartu zuen. Hau bere hirugarren XILABA txapelketa da.

Ortzi Idoate

1977ko urtarrilaren 3an sortua Baionan. Sasi bertsolaria Txatok bertsu-eskola muntatu behar zutela erran zuen arte. Ordutik Aitor Sarasuaren erakaspen baliagarriei esker bere burua bertsolaritzat izan eta Nafarroa eta Iparraldeko txapelketan parte hartzea erabaki zuen. Zainen aldetik gaizki pasa zuela eta, taula bertsolaritza utzi eta sasi bertsolaritzara itzultzea erabaki zuen. Urte anitz pasa ziren berriz ere astero Larraldean biltzen hasi zen arte eta hortik XILABAn bere burua aurkeztea erabaki zuen, berriz ere taula bertsolari bilakatuz. Aurten bere hirugarren XILABA izanen du.

Xumai Murua

Jaiotze data:1985/01/17 Sorlekua: BAIONA (Lapurdi) Ofizioa:Gorputz Heziketako irakasle

Bizilekua:AZKAINE (Lapurdi) Bertsozaletasuna etxean jasoa, bertsu-eskoletan ibilia, geroztik plazaz plaza ari. Aurten bosgarren aldiz parte hartuko du Xilaban.