Iurre BIDEGAIN

Bertranek gogoetatzeko mezua helaraziko die lapurtarrei

Heldu den urriaren 2an Lapurtarren Biltzarra iraganen da Uztaritzen. Aurten, karrozen desfilea tobera batekin ordezkatuko dute. Ikusgarrian Bertrand Lapurdikoak ospakizunaren etorkizunari buruzko gogoeta mezu bat helaraziko du.

 Bertrand Lapurdikoa urriaren 2ko toberan agertuko da. ©Sylvain Sencristo
Bertrand Lapurdikoa urriaren 2ko toberan agertuko da. ©Sylvain Sencristo

Aurten, Uztaritzeko karrikek ez dute karrozarik desfilatzen ikusiko Lapurtarren Biltzarrean. Haatik, Lota jauregiaren itzalpean lapurtarrek tobera bat eskainiko dute. Ikusgarrian antzezleek Lapurdi eta Euskal Herriari buruzko gaiak taula gaineratuko dituzte. Bertrand Lapurdikoak bere agerpena eginen du, baina aldi honetan herritarren arreta pizteko bestaren etorkizunari dagokionez.

Antton Lannes Lapurtarren Biltzarreko antolatzaileak antzerki bat proposatzeko ideia aspalditik zutela azaldu du. Bertranden pertsonaia sortu zutenean, tresna ludikoak erabiltzeko nahia zutela kontatu du. "Karroen sorrera baldintzapen handia da eta motibazioa asko apaldu da", erantsi du. Arazoa hainbat moldez konpontzen entseatu direla nabarmendu du, baina "jakin behar da erraten zerbait ez denean gehiago egokia".

Ildo horretatik, 12.00etan proposatuko duten antzerkian "akitzen hasi den" Bertrand Lapurdikoa agertuko da. "Nahiz eta indarrak egin, zaila da antolakuntza mailan arraberritzea. Lortu dugularik ez du iraun. Mezua zentzu horretan joango da", aitortu du Lannesek. Bertrandek "belaunaldi berrien artean bere lekua atzematen ez duela" gaineratuko du. "Edo lapurtarrak jeikitzen dira, kantuak dioen bezala, edo erraten dugu ez dela gehiago gaur egungo besta. Ez duela hainbesteko zentzurik iraganari konparatuz", esplikatu du antolatzaileak.

Toberaren bidez arazoa "satirarekin" landuko dute, "modu arduratsuan". "Erabakiak hartu beharko dira: bere horretan uztea edo segitzea. Aurtengo edizioak galdera pausatuko du", gehitu du.

Dantza, ikastaro, joko eta musika

Toberaren ondotik, Erdizka taldeak Mutxikoak alaituko ditu. Eguerditan, Uztaritzeko ikastolaren laguntzaz herri bazkaria antolatuko dute. Bazkaria "jendeari egokitua" izango dela aipatu du Lannesek. Hau da, nahi duena esertzen ahalko da edo sinpleki plater bakarrak eskuratzen ahalko ditu.

15.00etan Oreka zirku tailerra proposatuko dute haurrentzat. Ordu bat beranduago "Lapurtarren joko-desafioak" eginen dituzte. Herri kiroletatik inspiratuak direnek "elkartasuna berpizten" dutela esplikatu du antolatzaileak. "Jokoen bidez, elkar ezagutza sustatzen dugu", erantsi du.

Arratsaldean Tristtan Mourguy, Little girl blues eta Kontrabanda taldeek kontzertuak eskainiko dituzte. Polekeleke txarangak kontzertuen artean giroa alaituko du. "Lapurtarren Biltzarrak, bide batez, lurraldeko musikarien proiektuak laguntzeko xedea du", erantsi du.