Iurre BIDEGAIN
Elkarrizketa
Emilie Martin
Bagozeko bozeramailea

"Euroaginduarekin presondegia edo kontrol judiziala arriskatzen dut"

Euroaginduaren eskaera jakinaraziko diote Emilie Martini urriaren 6an Pauen. Egun batzuk beranduago, hots, urriaren 11n euroagindua aztertuko dute. Gaur egun Bagoazeko bozeramailea den Emilie Martinek prozeduraren aurrekariak eta auzia berak bake prozesuan duen eragina azaldu ditu.



Emilie Martin, gaur egungo Bagoaz kolektiboko bozeramailea. ©Bob EDME
Emilie Martin, gaur egungo Bagoaz kolektiboko bozeramailea. ©Bob EDME

Bazenekien prozedura irekia zegoela eta euroaginduaren notifikazioa jasotzeko arriskua zenuela?



Dudan ginen. Gertakariak oroituko ditut. 2013an Herrira legez kanpo ezarri zuten Hego Euskal Herrian eta hor jakin genuen atxilotzeko agindu bat bazegoela nire kontra Estatu espainiarrean. 2013ko azaroaren 5ean, dosier horren baitan Madrilek deitu ninduen deklaratzeko. Erabaki nuen ez aurkeztea. Horren ondorioak euroagindu bat jasotzea zitekeen. Udaberrian, dosierra hetsi zuten Madrilen, 46 lagun inkulpatu zituzten eta epaimahaia publiko egin zuten. Horren parte nintzela agerian utzi zuten eta komunikabide espainiarretan nire kontrako euroagindua zegoela argitaratu zuten.

Euroagindua bidali zuten apirilaren 22an eta urriaren 6 jakinaraziko didate Pauen. Urriaren 11n audientzia iraganen da.



Euroaginduaren eskakizuna harridurarekin jaso duzu?



Egia da denbora asko pasa dela. Ez nuen baitezpada espero bururaino joango zirenik Madrilen. Maleruski, bere logika badu. Irailaren 28ko prentsaurrekoan euroaginduaz gain, auzia bera salatu nahi izan dugu. Auzi horretan 2015ean abokatuak atxilotu zituzten, bitartekariak, medikuak… makro-dosier bat egin dute sarekada guzi horiekin. Auzi hori burutuko dute heldu den hilabete edo urteetan. Salatzekoa dena da gaur egungo testuinguruan horrelako auzi bat izatea, horrek presoen sostengua, horiekin dugun lotura eta presoen parte hartzea bake prozesuan hunkitzen du. Hori kaltetu nahi dute.



Prozedura abiatu zenetik, baldintza batzuk bete behar izan dituzu?



Urriaren 6tik aitzina agian baldintza batzuk bete beharko ditut. Jakinarazpena jasotzerakoan, presondegia edo kontrol judiziala agindu diezazkidate. Pentsatzen dugu kontrol judiziala izanen dela.



Aieteko Adierazpenaren 5. urtemuga beteko da aste batzuk barru. Euroaginduaren eskaera horrek zein zeintzu dauka martxan dagoen bake prozesuarekiko?



Estatu espainiarraren jarrera ezkorra erakusten du. Estatu espainiarrak euroagindua bidali du eta ikusiko dugu zein den Estatu frantsesaren jarrera. Euroagindua tanta bat gehiago da baso batean. Presoen egoerak bake prozesuaren blokeoa argiki erakusten du. Bi estatuek ez dutela prozesu horretan pausorik egin nahi frogatzen du.



Auzi hori dosier baten ondorioa da. Salatu behar dena da auzi hori burutzea Madrilen. Ez da normala gaur egun auzipetzea abokatu, militante eta medikuak. Presoei lotuak diren pertsonak dira. Mugimendua eta presoekin dagoen lotura hautsi nahi dute.



Ipar Euskal Herriko hainbat elkarte eta mugimenduek euroagindua salatzeko idatzi bat izenpetu dute...



Aipatu dudana salatu da prentsaurrekoan. Hainbat antolakundek izenpetu dute eta pentsatzen dut beste hainbat gehituko direla datozen egunetan. Horiek guztiek elkarretaratze batetara deitzen dugu: urriaren 10ean 18.30etan Baionako suprefeturaren aitzinean.