Iurre BIDEGAIN

Saratarren lehen kabalkada

Sarako herriak lehen aldiz kabalkada antolatuko du urriaren 9an, igandearekin. Adin guzietako ehun bat herritarrek parte hartuko duten emanaldian herriko jujamenduak kaleratuko dituzte, antzerki, musika eta bertsoen bidez.

Ehun bat saratarrek herriko lehen kabalkadan parte hartu dute.
Ehun bat saratarrek herriko lehen kabalkadan parte hartu dute.

2011n Sarako dantza taldeak "Oroitzapenetik bidaiara" deitu ikusgarria sortu zuen. Dantza, musika eta antzerkiak taula gainera eraman zituzten. Emanaldi horrek aitzina pausu bat emateko gogoa piztu zien parte hartzaileei. Ildo horretatik, oari dela bi urte kabalkada bat sortzea erabaki zuten.

Amaia Arotzarena Sarako dantza taldeko lehendakariak azaldu duenez, proiektuari ateak irekitzeko herritarrak bilkura publiko batera deitu zituzten. Bi urte luze hauetan lanean egon dira eta horren emaitza urriaren 9an ikusgai izango da.

Kabalkadan parte hartzen duten ehun bat herritarren artean hamasei eta hirurogeita hamar urte arteko pertsonak daude. Emanaldiak hiru epaiketa antzeztuko dituela azaldu du. Hots, Patrick Etchegaray "Saski", Pantxo Mitxelena, Maider Olazo eta Phillippe Gerardek idatzitako antzezlanek herriko istorioak aipatuko dituzte.

"Negu honetan idatzitako antzezlanak dira. Pixka bat itxoin behar izan dugu gaurkotasunezko gaiak lantzen direlako", gehitu du. Estreinaldiaren eguna arte itxoin beharko da epaile, abokata eta prokuradoreak bilduko duten emanaldiaz gozatzeko.

Elkar "gehiago" ezagutu

Antzezlanaz gain, "kabalkadaren kodigoak errespetatuz" dantza, musika eta bertsoak ere edirenen ditu ikusleak. Amadeo Arretxea dantza taldeko irakasleak sortu koreografia eskainiko dute. Hori lantzeko aurten astean bitan elkartu dira. Halaber Sébastien Zamora musikaz arduratu da. "Musika berri batzuk sortu ditu kabalkadarentzat; hala nola 'Saratarrak' Mutxikoa", esplikatu du Arotzarenak.

Emanaldiari esker "gehiago ezagutu" direla aitortu du presidenteak. "Pentsatzen ez genituen pertsonek parte hartu dute. Euskaraz ez zekiten batzuk hurbildu dira eta jokoan sartu dira", aitortu du. Hilabete hauetan bizitakoa "esperientzia on" bezala laburbildu du.

Urriaren 9an 15.00etan kabalkada plazaraino ailegatu baino lehen herritik desfile bat antolatuko dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, eguraldi txarra izanez gero kabalkada heldu den urriaren 16an eskainiko dlukete.