Iurre BIDEGAIN

Emilie Martinen kontrako euroaginduaren auzia urriaren 11n iraganen da Pauen

Emilie Martinen kontrako euroagindua aztertuko dute urriaren 11an Pauen. Euroaginduen kontrako kolektiboak Martinen kontrako eskakizuna ezeztatzea exijitzeaz gain, Arantxa Zulueta abokatuaren askatasuna eta auzipetuak direnenen epaiketak bertan behera uztea fermuki eskatu du.

Elkarretaratzea eginen dute urriaren 10ean Baionan. ©Bob EDME
Elkarretaratzea eginen dute urriaren 10ean Baionan. ©Bob EDME

Euroaginduen kontrako kolektiboak Emilie Martinen kontrako euroagindua abian jarri dutela salatu du. Oroitarazi behar da, Espainiako Audientzia Nazionalak "kartzela frontea" osatzeagatik 47 lagun auzipetu zituela. Horien artean, Emilie Martinen kontrako eskaera egin zuen. Justiziak Ipar Euskal Herrian "euskal preso politikoen alde daraman jarduera" leporatzen dio. Euroagindua aztertuko duen auzia iraganen da urriaren 11an Pauen.

Ipar Euskal Herriko kolore anitzetako hogeita bost bat elkartek Emilie Martinen kontrako euroagindua salatuko duen elgarretaratze baterako deialdia izenpetu dute. Horien artean, Bake Bidea, Bizi, Etxerat, Giza Eskubideen Liga, LAB, EH Bai, Aitzina, Sortu eta Autonomia Eraiki, besteak beste.

Idatziaren bidez, 47 lagunen kontrako auzia salatu dute. "Militante horiei egozten zaizkien egitateak, presoak sostengatu izana eta hauen eskubideen errespetu aldarrikatu izana dira", azaldu dute. Martinen kasuan, Herrira elkarteko arduraduna izatea leporatzen diote. Azpimarratzekoa da elkartea Ipar Euskal Herrian legezko mugimendua dela; horren estatutuak Baionako Suprefeturan aurkeztu zituzten.

"Elkarrizketaren bidea"

Dominika Daguerre kolektiboko kideak azaldu duenez, euroagindua Aieteko Deklarazioaren 5. urtemuga ospatu baino aste batzuk lehenago ailegatu da. Geroztik, "euskal gizartea, gatazkaren konponbide baketsu, demokratiko eta politikoaren alde azkarki engaiatu” dela erantsi du.

Kolektiboak Baionako Deklarazioa urriaren 14ean izenpetu zuten gogora ekarri du. Haatik, taldearen aburuz, engaiamendu hori "aldebakarrekoa" da. "Espainiako estatua eta, honekin lerrokaturik, Frantziako estatua errepresioaren bidetik jarraitzen dutela egiaztatu beharrean gaude".

Bake prozesuaren garapenerako, euskal presoen gaiaren konponbidea ezinbestekoa dela uste du. Munduan agertu diren beste bake prozesuen kasuetan hala gertatu dela azpimarratu du. Euroaginduen kontrako kolektiboak "elkarrizketaren bidea" defendatzeaz gain, hainbat aldarrikapen burutu ditu.

Emilie Martinen kontrako euroagindua bertan behera uztea eskatzeaz gain, Arantxa Zulueta abokatuaren askatasuna eta beste auzipetuen kontrako epaiketak ezeztatzea aldarrikatu ditu. Gisa berean, sakabanaketaren bukaera, gaixorik dauden euskal presoen askatasuna eta baldintzapeko askatasuna lortzen ahal dutenen askatasuna fermuki eskatu du.

Aldarrikapenak ozen entzunarazteko eta Martinekiko elkartasunez, Euroaginduen kontrako kolektiboak elkarretaratze bat antolatuko du urriaren 10ean 18.30etan Baionako suprefeturaren aitzinean.