Kazeta

ETAk "lasaitasun estrategikoaren" beharra azpimarratu du

Gudari Egunaren karietara ETAk helarazi agirian ezker abertzaleak "lasaitasun estrategikoa" behar duela dio. Aieteko adierazpenaren 5. urtemugarentzat aste guti falta direnean, bere aburuz: "soilik ETAk bete du hitza".

ETAk laster Aiteko Adierazpenaren 5. urtemuga ospatuko dela oroitarazi du agirian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
ETAk laster Aiteko Adierazpenaren 5. urtemuga ospatuko dela oroitarazi du agirian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Gudari Eguna baliatu du ETAk agiri berri bat plazaratzeko eta bertan testuinguru politikoaz hausnartzeko. Idatzian ETAk "lasaitasun estrategikoaren" kontzeptuari garrantzia handia eman dio; hiru aldiz errepikatu du agirian zehar. Hain zuzen, erakundearen aburuz, "larritasunetan eta epe laburrean ito gabe, lasaitasun estrategikoa behar du ezker abertzaleak". Halaber, bere ustez, lasaitasun horri esker ETAk "berak ere dagozkion urratsak" egin ahal izango ditu.

Agiria Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak iragan baino lehen idatzi du. Horiek horrela, emaitzak baloratu ezin dituela azaldu du. Haatik, "ezin dugu gertaera eta une politiko bakoitza definitibotzat hartu. Bihar ere argituko du-eta. Ez euforiarik ez muturreko etsipenik.", erantsi du.

ETAk lasaitasun estrategikoarekin "Euskal Herrian ere aurrera egin beharra" dagoela uste du; "gure nazio izaera eta euskaldunon erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenen ahulezia politikoa gero eta agerikoago baita". 

Aieteko deklarazioa eta presoak

Heldu den hilabetean Aieteko Konferentziaren bosgarren urtemuga ospatuko dela oroitarazi du ETAk. "Gutxienekoak" bete ez direla eta "konponbiderako agenda osatzen duten aferei behar bezala erantzun" ez zaiela nabarmendu du. "Soilik ETAk bete du hitza. Agerikoa da Estatuek izandako jokabide eskasa baino eskasagoa, eta bistakoa ere bestelako emaitza oparoagoa izan zezakeela horiek gutxieneko konpromisoa izan balute", gehitu du.

Ildo horretatik, preso, iheslari eta deportatuen etxeratzeari "merezi duen urgentziaz heldu behar" zaiola uste du, "gatazka konpontzeko nahiarekin bat egiten duten guztien arteko akordioen eta indar metaketaren bitartez, guztion artean aurrera eginez, kartzelak hustu arte, munduan barreiatuta ditugun anai-arreba denak etxera ekarri arte".

Horretaz gain, ETAk belaunaldi berriak ere aipatu ditu: "Orain arte, fase politiko bakoitzean, gazteriak ekarpen berezia, apartekoa egin du, eta hemendik aurrera ere gazteriak lehen mailako protagonista izan behar du prozesu independentista eraldatzailean".