Kazeta

Elkargo bakarraren kontrako helegitearen epaia urriaren 3an azalduko dute

Paueko auzitegi administratiboak elkargo bakarraren kontra aurkeztu helegitea aztertu du irailaren 27an. Horri buruzko epaia urriaren 3an azalduko du.

Auzia eguerdiko 14.00ak aldera hasi da Pauen. ©Franck Dolosor
Auzia eguerdiko 14.00ak aldera hasi da Pauen. ©Franck Dolosor

Hautetsi eta herritarrek osatutako elkartearen helegitea aztertu du irailaren 27an Paueko auzitegi administratiboak. Elkargo bakarraren eta helegitearen defendatzaileek hitza hartu dute bakoitzaren jarrera defendatzeko, hurrenez-hurren. Auzitegiak epaia urriaren 3an, 14.00etan azalduko duela jakinarazi du.

Eguerdiko 14.00ak aldera helegitearen defendatzaileak, hala nola Bidarte, Garruze, Erango eta Bidaxuneko auzapezak Paueko Auzitegi administratibora ailegatu dira. Bestalde, Jean-René Etchegaray abokatu gisa, Colette Capdevielle diputatua, Martin Bisauta hautetsia eta Catherine Séguin suprefetak elkargo bakarra defenditu dute. Azken honek Estatu frantsesa ordezkatu du, jakinik Eric Morvan prefeta berriak urriaren 3an kargu berria hartuko duela.

Yves Claisse elkargoaren kontra dagoen elkartearen abokatuak elkargo bakarra "neurrigabea" dela nabarmendu du. Halaber, bere iritziz instituzio berria "azkarregi sortu" da eta sorrera horren prozedura ez da modu egokian burutu.

Séguin suprefetak Claissen argumentuei erantzun die. Ondoren, Jean-René Etchegarayk hitza hartu du eta besteak beste, txostenaren ibilbide historikoa oroitarazi du.