Kazeta

EAJ garaile Eusko Legebiltzarrerako bozetan

EAJk nagusitasun osoz irabazi ditu Eusko Legebiltzarrerako irailaren 25ean iragan ziren hauteskundeak. Bozak berreskuratu ondoren, EH Bildu bigarren indarra izango da. Elkarrekin Podemos Legebiltzarrean sartu da aurreikuspenek iragartzen zutena baino indar gutxiagorekin. PSE eta PPk inoiz baino emaitza txarragoak eskuratu dituzte.

Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkullu Sabin Etxean. (Marisol RAMÍREZ/ARGAZKI PRESS)
Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkullu Sabin Etxean. (Marisol RAMÍREZ/ARGAZKI PRESS)

EAJk, zalantzarik gabe, arrazoia eman die hauteskundeen inkestei. Alderdi politiko berri bat sartu arren, Elkarrekin Podemos, Eusko Legebiltzarrean 29 eserleku lortu ditu irailaren 25eko hauteskundeetan. Horiek horrela, orain arteko akordioei eutsiz gero, Iñigo Urkullu lehendakariak bidea libre du beharrezko gehiengoa lortzeko eta lehendakari inbestidura gainditzeko. Parte hartzeari dagokionez, 2012 urteari alderatuta, puntu batez jaitsi da. Hain zuzen %62,26koa izan da, abstentzioa %37,74koa izan delarik.

Alderdi jeltzaleak Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban hauteskundeak irabazi ditu. Bozen %37,42a eskuratuz 2012an baino bi eserleku gehiago izanen ditu Eusko Legebiltzarrean. Emaitzekin "satisfos, pozik eta hunkitua" agertu zen Iñigo Urkullu. "Independentziaren" aldeko oihu artean agerpena egin ondoren, heldu diren asteak "elkarrizketa eta akordioen bilaketarako" izango direla azaldu zuen.

EH Bilduk lau parlamentari galdu dituen arren, badira hiru hilabete iragan hauteskundeei konparatuz 80.000 boz berreskuratu ditu. Orotara, lortutako 224.254 bozei esker, 17 eserleku izanen ditu Legebiltzarrean. Azpimarratzekoa da EH Bildu Bizkaian eserleku bat gehiago irabaztetik hurbil egon dela. 80 bozen ezberdintasunagatik, azkenean, EAJk eskuratu aulkia. Oraindik atzerriko bozak zenbatzeko daude; 4.727 orotara. Haatik, normalean jeltzaleei mesede egiten dien boza da; horiek horrela zaila da eserleku hori eskuz aldatzea.

Arnaldo Otegik Donostian hitza hartu bezain laser, bere inhabilitaziorako sinadurak bildu zituztenak eta kartzelan dauden euskal presoak gogoratu zituen. "Oso baxu gentozen, eta botoak garrantzitsuak dira, baina hori baino garrantzitsuagoa da zuen irribarrea ikustea. Hau ikusi besterik ez da egin", aipatu zuen.

Emaitza ustekabeak

Elkarrekin Podemos espero baino indar gutiagorekin sartuko da Legebiltzarrean. Inkestek lehia zuzena aurreikusten zuten EH Bildu eta alderdi berriaren artean, baina atzoko emaitzek besterik adierazi dute. Pili Zabalak gidatzen duen alderdiak hamaika eserleku lortu ditu. Haatik, hautagaiak "emaitzak historikotzat" jo zituen.

PP eta PSE alderdiek eserleku kopuru berdina izango dute; bederatzi hain zuzen. Erabakitzeko eskubidearen kontrako indarrek inoiz baino ordezkari gutiago izanen dituzte Gasteizen. Bien artean, atzoko bozen %22,1a lortu dute. Halaber, Ciudadanosek 21.362 bozekin ez du eserlekurik izanen.